ETHAZI eredua Lanbide Heziketan

Xabin Arriola Arkauz (PRO egitasmoko profesionala eta ETHAZI ereduaren arduraduna Ikastolan)

Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketan, Ikastolako Hezkuntza Marko Orokorrari eta Pertsona Ereduari erantzungo dion ikaskuntza eredu baten diseinuan murgilduta gaude. Gizartearen eta lan-merkatu aldakorraren erronkei erantzuteko asmoz, ETHAZI eredua txertatu dugu gure egitasmoan. Honako hiru galdera hauetan laburbildu ditu Xabin Arriolak eredu honen gako nagusiak: 

1. Zer da ETHAZI eredua?

ETHAZI erronketan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza eredua da. Modu interdisziplinarrean eta esperientzia errealetan oinarrituta lan egitea proposatzen du, moduloartekotasuna, irakasle talde autoeratuak eta ebaluazio formatiboa ardatz hartuta. Ikastolaren kasuan, gure helburua Ikastolen Elkartearen Hezkuntza Markoa eta ETHAZI eredua bateratuko dituen eredu propio bat aplikatzea da.

2. Zein da ETHAZI ereduaren helburua?

Helburu nagusia gaur egungo lan esparru aldakorrak dituen erronkei erantzuten jakingo duten ikasle konpetenteak garatzea da. Ezagutza teoriko hutsetatik haratago, ikasleek gaitasun teknikoak eta zeharkakoak garatzea bilatzen da (Izan, Jakin eta Egiten Jakin). Azken finean, irakastearen ordez, helburua ikastea da: ikaslea bere prozesuaren arduradun bihurtuz eta irakaslea bidelagun rola hartuz.

3. Zergatik da garrantzitsua?

Eredu hau garrantzitsua da Ikastolako gainontzeko egitasmoekin (ERDU, GURA, BATZU IZEN eta PRO) koherentzia mantentzen duelako, pertsona-eredu bera partekatzen baitute: barne sendotasuna duen pertsona euskaldun, kooperatibo, ekintzaile eta eraldatzailea. Gainera, Lanbide Heziketako Euskal Herriko mapan kokatzen gaitu, 100 ikastetxe inguruko sare baten partaide bihurtuz eta beste erakunde zein enpresekin elkarlana ahalbidetuz.