VIANA 2024 – 1.TXANDA

2024/07/08

Egun on azken aldiz Vianatar familia!

Iruñan antzera bigarren entzierroa egin dugu aurtengo udalekuei amaiera ematen joateko, eta atzo bezela, jantokiraino joan gara entzierroa jarraituz.

Maletak egiteko denbora eduki dugu, eta erropa jasotzen eta tolesten uste genuena baino trebeagoak garela ikusi dugu. Baina… maleta ekarri genuena baino beteago eramaten dugu, lagun berriak, esperientzia, sentsazio eta emozioak… Zelako aste polita!

Taldeka bildu gara eta aurtengo udalekuetako kamiseten banaketa egin dugu. Kamisetak jantzi ditugu eta gero ikusiko dituzuen argazkiak atara ditugu. 

Bazkaltzeko… arroza! Eta azken eguna denez, taldeka koreografia eta kantu bidez eskatu dugu.

Bigarren txandakoak ilusioz itxaron ditugu, ez baitakite Vianan igaro behar dituzten momentu paregabeak!

Maletak hartu eta autobuserantz, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Arrasateraino heldu arteko bidaia lo egin dugu gehienok… 

Etxera, etxera lololololo!!!!! 

Betiko lez, plazer bat Viana!

Hurrengo urtera arte!

Bihotzez, zuen monitoreak!!!!!!

IMG_7801

2024/07/07

Egun on Vianatar familia!

Nafarroan egonda Iruñan antzera hasi dugu eguna, monitoreak zezenak izan dira eta zuzenean gosaltzera joan gara.

Taldeka bildu gara eta BANDERA JOLASAren arauak azaldu ostean, lehenengo egunean egin genituen banderak hartu eta taldeko estrategiak pentsatzen hasi gara, eta… jolastera!

Bazkaldu ostean denbora eduki dugu igerilekura joateko motxila prestatzeko, han igaro baitugu azken arratsaldea, disfrutatuz eta azken aldiz txirristez gozatuz. Uretan eta txirristetan arratsaldea igarotzeaz gain, danok zirkulo bat egin dugu belarretan elkarrekin merixendatzeko txutxumutxuak partekatzen genituen bitartean. Eta… SORPRESA! izozkia ere eduki dugu.

Penaz agur esan diogu pistinari, baina Ikastolara bueltatu gara afaltzeko. Aldrebes afaria egin dugu eta afaltzeko genuena eskuekin jan beharra izan dugu… ikusiko dituzue argazki eta bideoetan tomatez betetako muturrak

Nekeak irabazi gaitu eta gaubela hasieran oso nabaria izan da, lo egiteko eta deskantsatzeko gogotsu geunden. Baina, monitore koadrila majo honekin buelta eman diogu eta sekulako barreak egin ditugu azken gaubelako oroitzapen ederrak izateko; disko festa, desfilea… 

Gainera, astebukaera honetan Markel Perezen bisita izan dugu, KAPARRAK taldeko gitarrista, eta Portasoleko jaietarako egin duten abestia inor baino lehenago entzuteko aukera izan dugu! Zortedunak gu!!!!!!!

Eta honekin… gabon azken aldiz esaten dizuegu. 

Ondo lo egin!!!!!

2024/07/06

Kaixo kaixo Familia!

Gaurko eguna pirataz mozorrotuta hasi dugu, gaurkoa PIRATEN EGUNA izan da. Eustakio eta Filomena piratak duela 11 urte Vianan gordetako harri bitxien bila aritu gara pista jolas baten bidez. 

Jolasa amaitzerakoan harriak aurkitu ditugu eta goizari amaiera emateko eta gosea zabaltzeko, San Ferminetan egiten den bezala, entzierro txiki bat egin dugu Vianako kaleetan zehar. ZELAKO ZEZEN AZKARRAK!

Nekea nagusia da udalekuetan, hori dela eta indarrak hartzeko bazkal ondoren SINTONIA egiten aritu gara indarrak hartzeko. Ondoren, nahiz eta eguraldiak atzeko egunetan bezala ez lagundu, pistinara joan gara. 

Bertan meriendatu ondoren, gure txutxumutxuak partekatzen ibili gara.

Gaubelan VIANA GOT TALENT show-a egin dugu eta barre algara ederrak egin ditugu.

Lotara goaz, azken bigarren eguna potente datorrela.

Bihar arte familia!

2024/07/05

Egun on Vianatarrak!

Gaurko eguna pozik hasi dugu, bagenekielako ekintza berezia genuela aurretik. Gosaldu ostean, motxilak prestatu eta autobuserantz joan gara 45 minutuko bidaia egiteko Artabiara iristeko. Bertan, errekan txitxirioak bezala egon gara uraren tenperatura hotzak aukera ematen zigun bitartean. 

Denok batera bazkaldu dugu eta ostean denbora gehiago egon gara errekan. Txoko berri bat aurkitu dugu bertatik salto egiteko… eta ze ondo! Merixenda jan eta autobuserantz joan gara, Vianara bueltatzeko.

Heldu bezain laster, Eurokopako partidua ikusi dugu eta afaltzera joan gara.

Ostean gaubela lasaia eduki dugu, nekea nabaria delako. 

Bihar berri gehiago!

Ondo lo egin familia!

WhatsApp Image 2024-07-05 at 23.51.11

2024/07/04

Kaixo familia!

Gaur goizean Vianako Olinpiadei eman diegu hasiera. Taldekako aurkezpenei ekin diegu, talde bakoitzak beraien banderak erabiliaz eta Julen Letona monitore ohia oroituz. OTSAGIK GOXO HAR ZAITZALA!

Arratsaldean, igerilekura joan gara txirristetan gora eta behera ibiltzeaz gain mahai joku desberdinetara jolasten aritu gara. Arratsaldearekin amaitzeko ikastolako espazio desberdinetan jolas librean aritu gara afal aurretik.

Gaubelan, aurten estreinatu diren monitoreek MUSIKA KAXA prestatu dute eta izugarria izan da. Kriston lana ekipoo!

MUSIKA KAXArekin amaituta lotara joan gara, biharko egunerako indarrak behar digulako. ARTABIA… BAGOAZ!

Agur agur familia!

2024/07/03

Kaixo familia!

Gaur ere egun ederra pasa dugu. Goiza Viana ezagutzen ginkana jolasean murgilduta pasa dugu, herritarrei esker Vianako kaleak eta txoko desberdinak ezagutzeko aukera paregabea izan dugu. 

Arratsaldean, Viana ezagutzen jarraitzeko herriko igerilekura egin dugu txangoa. Bertan arratsalde berezia bizi dugu. Txirristak ireki dituztenetik ez gara uretatik irten. KAR KAR KAR KAR…

Eguzkia ezkutatu denean monitore batzuk desagertu egin dira eta haurrak taldeka ikastola kanpoko basora joan dira hauek aurkitzera. 

Gaubela amaitu, hortzak garbitu eta lotara joan gara, bihar VIANAKO OLINPIADAK ospatuko ditugulako.

Bihar arteeee!!!

48e88f20-8db2-4cc5-af23-17ce7e65cad0

2024/07/02

Aupa gurasoak!

Herri denetan maletak jaso ostean gogoz gainezka etorri gara autobusean Vianaruntz. Bidaian barre algarak egin ditugu eta monitoreak gehiago ezagutzeko aukera eduki dugu.

Erentzun Ikastolara, gure etxea izango den honetara, heldu garenean denok oso pozik jarri gara ikusita jolasteko daukagun eremu dena. Zoragarria da!!!!

Denok batera bazkaldu dugu, eta ostean monitoreak taldeka banatu gaituzte norberak bere taldearekin udaleku guztietarako balioko duen bandera egiteko! Gu bai artistak!

Beroari aurre egiteko, ur jolas batzuk egin ditugu eta bertatik irabazle urten direnak aukera izan dute kamisetak margotu beharreko kolorea erabakitzeko. Talde bakoitzeko kolore bat… hurrengo egunetako argazkietan ikusiko duzuen bezala.

Askariaren ondoren, taldeka bildu gara eta gaubelarako taldekako aurkezpenak prestatzeko denbora eduki dugu; koreografiak, antzerkiak, txisteak… 

Mmm berriz ere tripak zarataka hasi zaizkigu eta afaltzeko purea eta san jakoboa! Hau bai hasiera! 

Gaubelari 22:30etan eman diogu hasiera… ikusiko dituzue bideo edo argazkietan zelako ondo pasatu dugun! Honen ostean hortzak garbitu eta lotara, nekatuta gaudenez errax geratu gara lo eta ez dogu gerra askorik eman… badakigulako lehenengo eguna besterik ez dela eta gerra emateko egun asko ditugula!

Uh, eta ZORIONAK PAULE LAGUNILLA!!!!!! URTE ASKOTARAKO POTXOLA!