Alemaniako zaporeak Almeneko basoan: oraingoan LH3koen txanda izan da
Joan den astean LH2ko ikasleekin hasitako bideari jarraituz, oraingoan LH3koen txanda izan da “Naturan Hezten” saio bereziaz gozatzeko. Almeneko basoan eta “Sua” elkargunearen berotasunean, munduko beste txoko bateko ohiturak ezagutzeko aukera paregabea izan dute gure ikasleek.
Ikastolako familia alemaniar baten bisitari esker, “Stockbrot” tradizioa hurbiletik ezagutu dute ikasleek. Ohitura denez, makila baten inguruan bildutako ogia zuzenean suaren gainean txigortu eta guztien artean dastatu dute basoaren erdian.
Goiz zoragarria izan da, beste errealitate eta zapore batzuk ezagutzeko balio izan duena, baina baita komunitateko kideen arteko loturak estutzeko ere.
Eskerrik asko bihotzez ekimen hau posible egin duten gurasoei, euren kultura eta jakituria gure ikasleekin partekatzeagatik!
