Sormena eta gazte indarra Arrasaten “Piztu Plaza” jaialdian
Ikastolen Elkarteak sustatutako Piztu Plaza jaialdiak bizitasunez bete zituen joan den asteburuan Arrasateko hainbat txoko. Ekimen honen helburu nagusia ikasleek azken hilabeteetan ikasgeletan zein eskolaz kanpoko jardueretan landutako kultura-proiektuei ikusgarritasuna ematea izan da. Emaitza, Euskal Herriko ikastoletatik etorritako gazteen sormen erakustaldi borobila izan zen.
Jaialdiari Herriko Plazan eman zitzaion hasiera. Bertan, Arizmendi Ikastolako Almen eta Gaztelupe guneetako ikasleek hartu zuten gidaritza, hasiera ekitaldi dinamiko baten bidez bertaratutakoak jaialdiaren giroan murgilduz. Gazte hauen esku-hartzeak bidea eman zion eguneko egitarau oparoari.
Ondoren, kultur eskaintza Biteri plazara lekualdatu zen, eta bertan diziplina artistikoen mosaiko zabalaz gozatzeko aukera izan zen. Giroa berotzeaz Azpeitiko Ikasberri Ikastolako elektrotxaranga arduratu zen, bere doinu dantzagarriekin plaza osoa mugiaraziz. Antzerkiak ere leku nabarmena izan zuen: alde batetik, Bergarako Aranzadi Ikastolako ikasleek prestaturiko antzezlana taularatu zuten; bestetik, Baionako Bernat Etxepare Lizeoko gazteek antzerki musikatua eskaini zuten, interpretazioa eta musika maisuki uztartuz. Jarraian, Sopelako Ander Deuna Ikastolako Iraia Bizarrek musika kontzertua eskaini zuen, bere proposamen artistikoarekin publikoa bereganatuz.
Emanaldien ostean, elektrotxarangaren laguntzaz, guztiak Kulturolara abiatu ziren bazkaltzera. Bazkalostean, jai giroak jarraipena izan zuen hainbat dinamikarekin, bingo musikatua kasu, ikasleen arteko harremanak estutzeko balio izan zutenak.
Azken finean, Piztu Plazak erakutsi zuen ikasleek gaitasun handia dutela kultura sortzeko eta plazak edukiz betetzeko. Sorkuntzaz eta kulturaz harago, parte-hartzaileek oso positiboki baloratu zuten ikastola ezberdinen arteko hartu-emana eta elkar ezagutzeko aukera. Jarrai dezagun gure herria pizten!
Jarraian estekatuta goienako argazkiak eta bideoa.
Jarrain egunean zehar atera genituen argazkiak:
