Sormena eta elkarlana oinarri dituen Liburu Ibiltaria etorri da Gaztelupera

Ikasturte honetan Liburu Ibiltariaren laugarren edizioa egingo da, EUSKALDUNAK ETA ITSASOA gaiaren bueltan. Urrian abiatu zen Ziburuko Piarres Larzabal Kolegioatik eta Bizkaian emango zaio amaiera, 2024ko Ibilaldia jaiaren antolatzaile den Getxoko San Nikolas Ikastolan. Joan zen astean Gaztelupen egin zuen geldialdia liburuak, eta bertan, DBH 3 ko ikasle talde batek beraien kapitulua idatzi zuen, beste ikastola batzuek aurretik landutako istorioa jarraituaz. 

Liburu Ibiltaria deritzon egitasmoa, ikastolen jaiek era bateratuan garatzen duten jarduera programatik abiatzen da. Aurreko edizioetan egin den modu berean, ikastolen jaien antolatzaile diren ikastolez gain beste hainbatek hartuko dute parte. Izan ere Euskal Herri luze zabaleko 33 ikastoletako DBH 3ko ikasleak arituko dira sormena eta elkarlana oinarri dituen ekimen honetan, eta hortaz, ehunaka egile izango ditu aurten ere liburuak kontatuko digun istorioak.