Saharara Herriarekin batera abiatzear dugun elkarlanaren harira, Fronte Polisarioak EAEn duen ordezkariaren bisita jaso dugu
Lanbide Heziketako Mikroinformatika zikloko ikasle eta irakasle taldea, Berrerabilpen eta Prestakuntza Zentroa (BPZ) proiektuan lanean aritu da azken ikasturteetan. Duela bi urte abiatu zuten ekimen honetan, enpresa zein norbanakoen ordenagailu zaharrak jaso eta gobernuz kanpoko erakunde ezberdinen bitartez dohaintzan eman, edo prezio sinboliko batean saldu egiten dituzte.
Bada, azkenaldian BPZ ekimena aurrerapauso politak ematen ari da; horren adierazle da Saharar Herriarekin batera abiatzear daukaten elkarlana. Izan ere, hango eskola bati ekipamendua helaraziz, Saharar ikasleei laguntzea da Arizmendiko Lanbide Heziketakoen asmoa, eta ordenagailu batzuk egokituko dituzte Saharar Herriak Argeliak utzitako lur zati batean duen eskola batera bidaltzeko. Senidetze honetan hasierako urratsak adoste aldera, Mohamed Fadel Brahim Ahamed Fronte Polisarioak EAEn duen ordezkariaren bisita jaso genuen atzo Ikastolan, egitasmoa bertatik bertara ezagutu eta elkarlanaren berri emateko.
Arizmendi Ikastolaren iparra, gizartea eraldatuko duten pertsonak garatzen laguntzea izanik, ikasleek ikasgeletan landutako eduki eta konpetentziak komunitatera ekarpena egitera bideratzen saiatzea da. Agerikoa da gaurko hezkuntza sistema curriculumeko edukietatik harago joan behar dela eta norabide horretan Arizmendi ikastolan garatzen laguntzen nahi dugun pertsona eredua definitua daukagu ikastolako etapa guztietarako. Barne sendotasuna duten herritar euskaldun, kooperatibo, eraldatzaile, ekintzaile eta sortzaileak garatzeko helburua baldin badugu, bereizgarri hauek lantzeko esparruak eskaini behar dizkiegu gure ikasleei. Elkarlan hau da adibide garbi bat.
BPZ ekimenak urratsak ematen jarraituko du eta etorkizun hurbilean ere, aipatutako Saharar herriko eskolaz gain, Seaskari zein Senegaleko Gandiol herrian kokatuta dagoen beste eskolara batera ordenagailuak bidaltzea da egitasmo honen asmoa. BPZren berri izatea nahi baduzu, jakin @birziklanet ezizenarekin aurkezten dela sare sozialetan. Instagram, Twitter, Facebook eta LinkedIn-en aurkituko dituzu! Bideoa.
Hemen TU Lankiden, Goiena.eus-en eta Mondraberrin argitaratutako albisteak.