Birziklanet eta Ikaskuntza-Zerbitzua Lanbide Heziketan
Gaizka Eraña (PRO egitasmoko profesionala eta Birziklanet proiektuaren arduraduna)
Arizmendi Ikastolan, ikasleak beren ikaskuntza-prozesuaren protagonistak izatea nahi dugu, ikasitakoak ingurunean eragin erreal eta positiboa izan dezan. Horren adibide garbia da Lanbide Heziketakoen Birziklanet ekimena, gurean tradizio handia duen Ikaskuntza-Zerbitzu (I-Z) proiektua. Jarraian, egitasmo honen gako pedagogikoak aztertu ditugu Gaizka Erañarekin.
1. Zer da zehazki Ikaskuntza-Zerbitzu (I-Z) metodologia eta nola gauzatzen da Lanbide Heziketako Birziklanet ekimenean?
Ikaskuntza-Zerbitzua ikasgeletako curriculum-edukiak eta gizarte-behar bati erantzuten dion zerbitzu solidario bat uztartzen dituen proposamen pedagogikoa da. Birziklanet-en kasuan, bi alderdi hauek goitik behera elkartzen dira: ikasleek gailu teknologikoak manipulatu, hardwarea konpondu eta software librea instalatzen ikasten duten bitartean (ikaskuntza), gailu horiei bizi berri bat eman eta arrakala digitala pairatzen duten familiei edo proiektuei bideratzen dizkiete (zerbitzua). Ez da boluntariotza soil bat, ezta praktika tekniko huts bat ere; ikasiz laguntzea eta lagunduz ikastea da.
2. Ikaslearen ikuspuntutik, zer-nolako gaitasunak eta balioak garatzen dira gailu teknologikoak berreskuratzeko prozesu honetan?
Proiektu honek gaitasun tekniko espezifikoak garatzeaz gain (gailuak diagnostikatzea, software librearen instalazioa…), zeharkako gaitasun eta balio oso sakonak lantzeko aukera ematen du. Ikasleek talde-lanean jardun behar dute erronkak ebazteko, antolakuntza eta erantzukizun pertsonala sustatzen dira, eta oso modu praktikoan barneratzen dituzte ekonomia zirkularra, jasangarritasuna eta kontsumo arduratsua bezalako kontzeptuak. Gailu bat zakarrontzira bota beharrean berreskuratu daitekeela ikusteak euren pentsamendu kritikoa pizten du.
3. Nola eragiten dio ikasleen motibazioari euren ikasgelako lanak inguruko gizartean eragin erreala duela ikusteak?
Eragina oso indartsua da. Ikasle batek ariketa bat nota bat ateratzeko soilik egiten duenean, motibazioa kanpokoa da. Aldiz, Birziklanet-en, ikasleak badaki berak konpondu eta prestatu duen ordenagailu edo tablet horrek izen-abizenak dituen pertsona edo familia bati lagunduko diola, edota proiektu sozial baten oinarria izango dela. Lanari zentzua eta helburu erreal bat emateak ikaslearen barne-motibazioa biderkatzen du; erabilgarri eta gizartearen eraldaketarako agente aktibo sentitzen dira, eta horixe da ikaskuntza esanguratsuaren gailurra.