OTSAGI – 1go TXANDA

7.EGUNA UZTAILAK 4

Neska-mutil maiteak,

Atzera begiratu eta Otsagiko udalekuak elkarrekin igaro ditugun zazpi egun hauek gogoratzean, ezin dut saihestu tristura eta alaitasun nahasketa bat sentitzea. Tristura, gaur elkarri agur esango diogulako, eta bakoitzak bere bidea jarraituko duelako, baina baita poz izugarria ere, partekatu ditugun une ahaztezin guztiengatik.

Aste honetan, elkarrekin barre egin, ikasi eta hazi gara. Otsagiko edertasuna arakatu dugu, paisaia harrigarrietatik bazter xarmagarrietaraino. Erronkei aurre egin diegu eta elkarri lagundu diogu, elkarrekin indartsuagoak garela erakutsiz.

Zuetako bakoitzak zerbait berezia ekarri du talde honetara, eta familia batu bat osatu dugu. Istorioak, jolasak, abestiak eta, batez ere, gure bihotzetan beti izango ditugun uneak partekatu ditugu. Esperientzia bakoitza bakarra izan da zuetako bakoitzaren barne indarrari esker.

Badakit gaur zaila izan daitekeela agur esatea, baina gogoratu hemen sortu ditugun loturak sendoak direla. Gure bideak banandu arren, sortu ditugun memoriak gurekin geratuko dira. 

Zuetako bakoitzak hemen erakutsi duzuen abentura sen berarekin aurrera jarraitzea espero dugu.

Eskerrik asko esperientzia zoragarri honen parte izateagatik.

LAGUNAK BETIRAKO, OTSAGI BETIRAKO!

6.EGUNA UZTAILAK 3

Egun on, Otsagitarrok!!

8:00etan esnatu eta kanping-ean gosaldu dugu denok batera. Otsagiko kantak dioen bezala “primeran gaude Otsagin”, baina, azken eguna iritsi da. Eguneko ekintza nagusia bandera jolasa zenez, 10:30etarako guztiok elkartu, jolasaren azalpen orokorra eman eta talde bakoitzak bere bandera prestatu eta ezkutatu ondoren, jolasari ekin diogu 11:30ak aldera. Goizeko txandak 13:30etaraino iraun du eta ikasle zein monitoreak lehia bizian aritu dira baina betiere kirolzaletasuna erakutsiz.

Ondoren, egun berezi bezala paella erraldoi bat bazkaldu dugu kanpinean. Arratsaldean berriz, Hi Selfie Otsagi dinamika egin dugu.Egunari amaiera emateko, azken gaubelari ekin diogu. Kasu honetan, ikasleek etxetik ekarritako mozorroa jantzi eta diskofesta bat egin dugu. 

Denok ere emozio kontrajarriekin bukatu dugu eguna, etxekoekin berriz elkartzeko gogoz baina udalekuetan sortu dugun taldeaz jarraitzeko nahiaz.

Esperientzia izugarria izan da, aupa Otsagiko udalekuak!!

ARGAZKIAK IKUSTEKO EGIN KLIK!

5.EGUNA UZTAILAK 2

Egun on, Otsagitarrok!!

8:00etan esnatu eta kanping-ean gosaldu dugu denok batera. Gaurkoan, olinpiadak izan ditugu eta eguna KORRIKA ekimena eginez hasi dugu. Taldeka, 100 metro egin dituzte lasterka eta lekukoa taldez talde igaroz, frontoira heldu gara.

Frontoian, guztiok batera aurreskua dantzatu dugu eta ondoren taldeka, 4 jolas egin ditugu: boligrafoa botilan sartzera, oinetako nahasmena, 3ko marra egitera eta lokotxak. 


Bazkaltzeko kanpinera itzuli eta atseden pixka bat hartu ondoren, arratsaldean 

olinpiadekin jarraitu, merendatu eta errekara joan gara!

Eguna amaitzeko bingo musikatua egin dugu eta dantzan ibili gara. Bukatzeko, abestu eta ohera joan gara.

Beste egun zoragarri bat gure paradisuan!!

ARGAZKIAK IKUSTEKO EGIN KLIK!

4.EGUNA UZTAILAK 1

Egun on, Otsagitarrok!

Beste behin, eguneko lehen eguzki izpiekin eman diogu hasiera egunari. Gosarian indarrak hartu eta motxilak prestatuta, Konkis ekintza egin dugu eta neska-mutilak buru-belarri ikurriñaren bila ibili dira Otsagiko herrian zehar. 

Bazkaldu eta gero, Otsagiko frontoira joan gara eta joko-jolas franko praktikatu ditugu, besteak beste, monitoreen eta ikasleen arteko futbol partidua, K.O saskibaloi erraldoia eta zenbait euskal dantzak.

Eguna amaitzeko herrira joan gara eta ardiak eta otsoak izeneko jolasa egin dugu monitoreak ikasleen aurka. Bukatzeko, abestu eta ohera joan gara.

Beste egun zoragarri bat gure paradisuan!!

ARGAZKIAK IKUSTEKO EGIN KLIK!

3.EGUNA EKAINAK 30

Egun on, Otsagitarrok!!

Gaurko egunean 8:00retan esnatu, indarrak hartu eta motxilak prestatu ondoren 9:30ak aldera Muskildarantz abiatu gara, hain zuzen ere, 15 kilometro inguruko ibilbidea egitera. Tartean, Aboditik pasatu gara, Iratiko basoan dagoen mendilerroa, Pirineoko magalean.

Bidea ez da makala izan, baina primeran ibili gara eta helmugako paisaiak pena merezi izan du. Gainera, Otsagi herriko leku berezienetako bat den Muskildako ermita ezagutzeko aukera ere izan dugu. Bidean, geldialdia egin dugu mendian bazkaltzeko. Txangoa errekan bukatu dugu, freskatu eta jolasean ibili gara.

Eguna amaitzeko gaubelan txutxumutxuen kaxa egin dugu, Otsagiko abestia abestu eta ohera joan gara.

Beste egun zoragarri bat gure paradisuan!

ARGAZKIAK IKUSTEKO EGIN KLIK!

2.EGUNA EKAINAK 29

Egun on, Otsagitarrok!

Lehen egun luze baten ondoren, 8:30etan esnatzea zertxobait kostatu zaigun arren, ondo gosaldu eta gogotsu ekin diegu gaurko ekintzei. Otsagiko herria ezagutzeko asmoz, ginkana bat egin dugu herriko txoko, merkataritza eta bizilagunak ezagutzeko. 

Ginkana ondoren multikirol ezberdinak egin ditugu talde txikietan frontoian. 

Bazkaldu eta gero, Otsagi Extreme ur jolasak ekintza burutu dugu eta atsaldeari amaiera borobila emateko Ezkarozeko errekara jaitsi gara. Dutxa eta afariaren ondoren, gaubelan  hartz galduaren bila ekintza egin dugu eta Otsagiko abestia abestuz egunari amaiera eman diogu.

ARGAZKIAK IKUSTEKO EGIN KLIK!

1.EGUNA EKAINAK 28

Kaixo Otsagitarrok!

Hemen behean Otsagiko udalekuetako 1go txandako nondik norako nagusiak ikusiko dituzue. Bertan, egunero egindako ekintzak laburbiltzen joango gara argazki eta bideoen laguntzaz, ekainaren 28tik uztailaren 4ra arte. Sartu, ikusi eta gozatu gurekin uda honetan.

Oo oo oooooh Otsagin, oo oo oooooh, aste bat elkarrekin!

Otsagiko abestiak dioen bezala, “poz handiz egin dugu maleta” eta goizeko 10:00etan gure bailara atzean utziz Otsagiko lur magikoetarantz abiatu gara. Bidean, Foz de Arbaiun leku ikusgarrian egin dugu hamarretakoa eta 14:00etarako Osate izeneko Otsagiko kanpinera iritsi gara. Kanpinean, bazkaldu, lo gelak banatu eta udalekuetako taldekatzeak egin ditugu, ikasle eta monitoreak elkar ezagutzeko tartea ere izan dute. Hori guztia eta gero, talde bakoitzak hurrengo egunetan erabiliko ditugun kamisetak tintatu ditugu.

Arratsaldeko beroari aurre egiteko, Otsagiko errekara joan gara eta kanpinera bidean sekulako zaparrada bota digu. Eguneko errutina hartzeko, dutxatu eta kanpinean lehen afaria izan dugu. 

Afal ostean, zertxobait jolastu eta eguneko azken ekintzari edo gaubelari ekin diogu. Bertan, Otsagiko abestia ikasten hasi gara. Ondoren, eguraldi eskasaren ondorioz logeletan hainbat dinamika ezberdin egin ditugu. Ohera goaz, biharko pilak kargatzera, hau hasi besterik ez da egin eta.

Atseden hartu eta bihar arte Otsagitarrok!

ARGAZKIAK IKUSTEKO EGIN KLIK!