Orientazioa IZEN egitasmoan

Leire San Vicente (Orientazio eta premia berezietako arduraduna)

Zer da Orientazioa?

Orientazio akademiko eta profesionala pertsona baten bizitza osoko prozesua da, erabakiak hartzen laguntzeko eta etorkizuneko bidea marrazteko balio duena. Ez da soilik ikasketa espezifiko bat aukeratzea; ikaslearen bizitza-proiektua eraikitzeko funtsezko tresna da. Autoezagutza, informazioaren azterketa eta gaitasunen garapena uztartzen dituen laguntza-sistema bat da. 

Nola ulertzen dugu IZENen?

Hezkuntzaren paradigma tradizionala, ikastolako guraso askok ezagutu duguna, eta egun ere neurri handi batean indarrean dagoena, agortuta dagoela diote hezkuntza-adituek. Izan ere, egungo mundu interkonektatu eta superkonektatu honetan, egun ditugun erronkak oso bestelakoak dira.

Pertsonaren izaera indartzen duten konpetentzia metadiziplinarrak beharko dira (disziplina jakin batean ezezik diziplina desberdinetan aritzeko balio dutenak) eta ez hori bakarrik, gaitasun espezifiko batzuk ere garatu beharko dira; hala nola: ekintzailetasuna, begirada propioa izatea eta kritikotasuna.

Arizmendi ikastolak definituta duen pertsona-ereduak aski ongi erantzuten dio horri. Gure helburua, IZEN egitasmoan ere, geure identitatearekin bat datozen eta aldi berean gaur eta biharko erronkei erantzuteko gaitasuna izango duten pertsonak garatzen laguntzea da: euskalduna, barne-sendotasuna duena, erabakitzaile-ekintzailea dena, eraldatzailea eta kooperatiboa dena.

Aldaketez eta galderez beteriko etorkizun baterako prestatu behar ditugu gure gazteak, eta egin diezaiekegun ekarpen handiena hauxe da: pertsona gisa bere dimentsio anitzetan garatzen laguntzea, euren ibilbide propioa egiten laguntzea, hortik aurrera euren bizitza proiektua eraiki dezaten.

Zergatik da garrantzitsua ondo egitea?

Orientazioa ez da une puntual bat, bidean zehar egiten diren doikuntzen multzoa baizik. Hala ere, hezkuntza-sistemaren antolaketa eta etapa bakoitzaren berezko ezaugarriak direla eta, orientazioa egitea kritikoa da une batzuetan; IZENen eta PROn, esaterako, adin horietan hartzen baitira etorkizuneko ibilbidea baldintzatuko duten lehen erabaki nagusiak. 

Etapa hauetan, inguruko aukeren esplorazioa egitea inportantea da eta horretarako esperientzia ezberdinak bizi behar dira (nagusiagoak diren ikaskideen esperientziak zein erreferente ezberdinen bizipenak ezagutzea, Lanbide Heziketa eta Unibertsitate tituluen eskaintza ezagutzea, ikastaroak …); norberaren interesak, bokazioak, gaitasunak, balioak eta nortasuna identifikatzea ere garrantzitsua da (GPSk ekarpen handia egiten du hor) eta guk, Aniztasuna eta Orientazio departamentutik, ikasleei irakasle talde eta familiekin batera, erabakiak hartzen laguntzen diegu.