Olarteko haurren bisita Gaztelupera: ogia, inklusioa eta proiektu berrien hasiera

Gaztelupeko ZIP (Zereginen Ikaskuntzarako Programa) guneko ikasleek bisitari bereziak jaso zituzten: Olarteko 4 urteko haurrak. Bisita honen helburua ogia egiten ikastea baino askoz harago joan zen; gune desberdinetako ikasleen arteko harremana sustatzea eta inklusioa modu praktikoan lantzea izan baitzen goizeko ardatza.
ZIP programako ikasleek gidari eta irakasle lanak egin zituzten, txikiei ogiaren prozesu osoa erakutsiz: osagaiak nahastetik hasi eta orea laberatu arte. Esperientzia honek aukera bikaina eman zien Olarteko haurrei ZIP-eko ikasleekin harremantzeko, elkarrekin lanean aritzeko eta ikastolako komunitatea osatzen duten errealitate desberdinak hurbiletik ezagutzeko.
Goiz osoko egonaldian, Gaztelupeko txoko desberdinak bisitatu zituzten, giro atsegin eta aberasgarrian. Harreman honek jarraipena izango du, gainera. Olarteko txikiek hain pozik amaitu zuten goiza, ZIP-eko ikasleak gonbidatu zituztela beraien gunera joateko. Hurrengo hitzordua Olarten izango da, eta orduan txikien txanda izango da irakasle lanetan aritzeko.

Olarteko haurren bisita Gaztelupera: ogia, inklusioa eta proiektu berrien hasiera