Nola bizi dugu aitatasuna? Saio ireki eta aberasgarria ekainaren 11n Magala espazioan

Nola kokatzen gara aita bihurtzen garenean? Zein da gure lekua? Nola bizi dugu egoera berri hau? Amatasuna eta aitatasuna berdin bizitzen al dira? Zer dagokio nori? Gure Uribarri guneko Magala espazioan galdera hauen inguruan gogoeta egiteko eta esperientziak partekatzeko topagune berezia antolatu dugu. Ikasturte honetako azken saioa izango da hau.

Aita izateak goitik behera aldatzen du bizitza, eta prozesu horretan rol berriak, zalantzak eta emozio ugari sortzen dira. Horregatik, trantsizio eta egoera berri hau nola bizi dugun aztertzeko saio ireki bat jarri dugu martxan.

Xehetasunak:

  • Hizlariak: Unai Serrano eta Saray Cano 
  • Eguna: Ekainak 11, osteguna
  • Ordua: 18:30ean
  • Lekua: Magala espazioa (Uribarri gunea, Arrasate)
  • Nori zuzenduta dago? Aitei, amei, bikoteei edota aurrerago aita edo ama izan nahi duten pertsona guztiei. Saioa irekia da, gai honetan interesa duen edonor denez ongi etorria.
  • Hizkuntza: Euskaraz izango da.

Parte hartzeko izen-ematea formulario bidez egin behar da. 

Zatoz zure esperientzia konpartitzera, entzutera eta elkarrekin aitatasunaren plano eta ertz desberdinak arakatzera. Zuen zain gaude!

Lehen sorospenen saioak utzitako zapore gozoa

Magala espazioak martxan daraman bide emankorraren adibide da aurreko astean egindako lehen sorospenen inguruko saioa. Hitzordu hura oso baliagarria eta arrakastatsua izan zen gurasoentzat zein Haur Hezkuntzan lan egiten duten profesionalentzat. Saio luzea izan arren, oso motz egin zitzaien bertaratutakoei, Dorleta Sologaistoaren azalpen eta gidaritza bikainari esker.

Arizmendi Ikastolatik bihotzez eskertu nahi diogu Dorletari emandako saioagatik, baita bertaratutako guztiei ere. Bide beretik, ekainaren 11ko topaketa berri hau ere elkarrekin ikasteko aukera bikaina izatea espero dugu.