Naturan Hezten ERDU egitasmoan
Marta Arriaran Villar (ERDU egitasmoko profesionala)
Arizmendi Ikastolan ezinbestekoa dugu ikasleen garapen integrala, ingurunearekiko lotura afektiboa eta pertsona-ereduaren gaitasunak naturaltasunez garatzea. Gure Hezkuntza Marko Orokorrean zein Pertsona Ereduan sakonki sustraituta dagoen ikuspegi honi jarraituz, ERDU egitasmoaren barruan Naturan Hezten esperientziaren aldeko apustu garbia egiten dugu, fokua haurraren autonomia, sormena eta naturarekiko errespetu zein zaintzan jarriz.
Marta Arriaranek prozesu pedagogiko honen oinarriak, eguneroko martxa eta gako nagusiak azaldu dizkigu lau galderatan:
Zer da Naturan Hezten?
Naturan Hezten deitzen diogu natur eremu batean modu sistematikoan eta helburu jakin batekin, naturarekin harremanetan pasatzen dugun tarteari. Natura eta espazio naturalak ikasteko baliabide pedagogiko nagusi bihurtzen dira esperientzia honetan, haurraren eta naturaren arteko interakzioen bidez haurraren garapen integrala sustatuz. Aldi berean, naturarekin berdintasunean oinarritutako harreman horizontala eraiki eta honekiko errespetua zein zaintza garatzeko aukera aparta da.
Naturarekin harreman zuzena murriztu dugun garai honetan, naturaren zaintzaren inguruko hainbat balio landu nahi ditugu haurrekin; zaintza gure esku dagoela eta errespetua zor diogula adieraziz. Zentzu horretan, natura bizi eta ulertzea ezinbestekoa da hura maitatzera eta errespetatzera iristeko.
Zer da lantzen dena?
Naturarekin harremanean, plazera, motibazioa eta emozio atseginak nagusitzea da helburua. Horretarako, urtaroen curriculuma daukagu oinarri moduan, urtaroen logikatik natur eremuan gertatzen diren aldaketez jabetzeko eta aldaketa horiek eskaintzen dituzten aukerak baliatzeko. Dinamika asko proposatzen dira; urte osoko sekuentzia da.
Horretaz gain, jolas autonomorako tarteek pisu handia hartzen dute esperientzia honetan. Haurrek aukeratzen dute norekin, non eta zertan jolastu nahi duten. Ekintza bakoitza beti beraien interesetatik sortzen da, eta beraiek definitzen dute gainditu dezaketen edo gainditu nahi duten zailtasun-maila. Giro egoki eta segurua eskainiz, haurra bere akatsetatik ikasiz, autonomiarekin eta autoestimuarekin hazten joan dadin.
Gainera, Pertsona Eredua garatzeko testuinguru paregabea da; hala nola euskalduna, eraldatzailea eta barne-sendotasuna duena.
Nolakoa da zuentzat egun bat Naturan Heztenen?
Gure kasuan, asteazken goizak izaten dira naturara irteteko unea. Egun horretan, haurrak etxetik ikastolara prestatuta etortzen dira: bakoitza bere motxilarekin eta naturan aritzeko arropa zein oinetako egokiekin. Izan ere, guretzat argi dago naturara ateratzeko ez dagoela eguraldi txarrik! Alerta-egoeretan izan ezik, gainerako egun guztiak dira egokiak naturaz gozatzeko: euria, eguzkia, lainoa edo haizea. Eguraldi bakoitzak bere aukera eta esperientzia eskaintzen dizkigu, eta naturaren egoera zein aldaketak gertutik bizitzeko aukera ematen digu.
Ikastolatik abiatu eta naturagunera iritsi arte, binaka joaten gara, eskutik helduta. Bertara iristean, gure ohiturari jarraituz, naturari baimena eskatzen diogu bertan sartzeko. Horrela, hasieratik bertatik, ingurunearekiko errespetua eta zaintza lantzen hasten gara. Ondoren, gure bilgunean elkartzen gara. Gure kanta abestu, natura nola dagoen behatu eta gure zentzumen guztiak martxan jartzen ditugu: zer ikusten dugu? Zer entzuten dugu? Zer usaintzen dugu? Zer sentitzen dugu?
Gorputza aktibatu eta eguneroko arauak gogoratu ondoren, jolas autonomoari ekiten diogu. Une horretatik aurrera, haurra bihurtzen da bere ikaskuntza-prozesuaren protagonista. Askatasunez eta autonomiaz esploratzen, esperimentatzen eta manipulatzen hasten da. Berak erabakitzen du nola, norekin eta zertan jolastu. Naturarekin zuzeneko harremanean, motibatuta eta aske sentitzen da, eta bere jolasa bereziki aberatsa bihurtzen da: sormenari, irudimenari, jakin-minari eta aurkikuntzari bide ematen die. Naturak eskaintzen dizkien elementu eta baliabideekin, haurrek beren mundu propioa eraikitzen dute.
Hamaiketakoaren unea ere bereziki azpimarratu nahiko genuke, haurrentzat oso momentu esanguratsua baita. Bakoitzak bere motxilatik hamaiketakoa atera eta jateko ardura hartzen du, autonomia eta norberaren zaintza lantzen dituen une bihurtuz. Baina, horrez gain, partekatzeko eta elkar zaintzeko aukera ere bada. Norbaitek hamaiketakoa etxean ahaztu badu, berehala agertzen dira laguntzeko eta norberarena partekatzeko prest dauden lagunak. Horrela, talde-sentimendua, elkartasuna eta elkarrekiko zaintza indartzen dira, baita elkarrizketak, bizipenak eta une atseginak partekatzeko aukera ere.
Hamaiketakoa amaitu ondoren, irakasleak jolas edo dinamika-proposamen bat eskaintzen du, aurretik azaldutako urtaroen curriculumean oinarritutakoa. Helburua haurrei esperientzia berriak eskaintzea, jakin-mina piztea eta ingurune naturalarekiko lotura zein errespetua sustatzea da.
Naturagunean igarotako denbora amaitzean, naturari eskerrak eman eta agur esaten diogu, eta bertan bizitako guztiarekin ikastolara bueltatzen gara. Baina naturako esperientzia ez da naturagunean bertan bukatzen. Arratsaldean, goizean bizitakoa gogoratu eta modu ezberdinetan ematen diogu jarraipena esperientziari; adibidez, marrazkien bitartez bizitakoa gogoratu, antolatu eta adierazteko proposamena egiten zaie. Horrek esperientzia berriro bizitzeko eta barneratzeko aukera ematen die eta, aldi berean, pentsamendu konplexua lantzen eta garatzen laguntzen du.
Azken finean, asteazken goizak ez dira naturan jolasteko soilik; haurrentzat esploratzeko, erabakiak hartzen ikasteko, harremanak eraikitzeko, emozioak bizitzeko eta gozatzeko aukera paregabeak dira.
Zein onura dauzka?
Naturarekin harremanetan egoteak onura ugari ditu haurren garapenean:
- Garapen motorrari dagokionean: oinez ibiltzea, korrika egitea, salto egitea, oreka mantentzea edo zuhaitzetara igotzea moduko trebetasun motorrak garatzen laguntzen du.
- Garapen kognitiboari erreparatuz gero: behatzea, esperimentatzea, galderak egitea, hipotesiak sortzea eta arazoei irtenbideak bilatzea ahalbidetzen du.
- Garapen emozionalarekin lotuta: lasaitasuna aurkitzeko, emozioak bizitzeko, norberaren gaitasunetan konfiantza hartzen joateko eta autonomia garatzeko aukera ematen digu.
- Garapen sozialari dagokionean berriz: beste haurrekin jolastean, elkarrekin esperientziak partekatzean, elkarri laguntzean, txandak itxarotean eta taldean aritzean, alderdi sozialarekin zerikusia duten estrategia ugari jar ditzakegu martxan.
- Ingurumenarekiko errespetua: natura zaintzen ikasteko, izaki bizidunak errespetatzeko eta ingurunearekiko lotura afektiboa sortzeko une paregabea da.
Horregatik, astean behin naturara joatea ez dugu jarduera osagarri huts gisa ulertzen, baizik eta gure hezkuntza-proiektuaren parte garrantzitsu gisa. Izan ere, natura ez da soilik ikasteko toki bat: emozioak bizitzeko, munduarekin harremanetan jartzeko eta gozatzeko espazio paregabea da.
Natura ezagutuz, natura maitatzen ikasten dugu; eta maitatzen duguna zaintzeko beharra sentitzen dugu.