Mila esker “Birziklanet-Sahara, bidaia baten kontakizuna” ekitaldian gurekin izateagatik!

Joan den astean, maiatzaren 12an, arratsalde berezia eta hunkigarria bizi izan genuen Arrasateko Kulturateko areto nagusian. Gure Lanbide Heziketako ikasleek berregokitutako ordenagailuak Saharara nola iritsi diren eta proiektuak hango lehen hezkuntzan nola eragin duen azaldu genuen, bertatik bertara bizitako esperientziak partekatuz.

Arizmendi Ikastolatik bihotzez eskerrak eman nahi dizkizuegu gurekin batera elkartasun-bidaia honen xehetasunak ezagutzera hurbildu zineten pertsona guztioi. Zuen babesa eta interesa ezinbestekoak dira Birziklanet proiektuak martxan jarrai dezan eta mugak gainditzen dituzten zubiak eraikitzen jarraitzeko.

Era berean, eskerrik asko hitzaldian parte hartu zuten hizlari guztiei —Mujtar Lebohi (Fronte Polisarioko ordezkaria Euskadin), Saleh Zein (proiektuaren ordezkaritza Saharan), Gaizka Eraña (Birziklaneteko arduraduna), Beñat Irazabal (Arizmendi Lanbide Heziketako zuzendaria) eta Jabi Alfaro (Elkarteneteko arduraduna)— euren testigantza eta inplikazioarengatik.

Lanean jarraituko dugu!