Magala eta Tipi Tapa elkarlanean Eskoriatzan, haurren eraso-jokabideak ulertzeko
Joan den astelehenean, martxoaren 16an, Eskoriatzako Kultur Etxean egin zen “Eraso jokabidea Haur Hezkuntzan” saioan parte hartu genuen. Izan ere, Arizmendi Ikastolako Magala espazioak eta Eskoriatzako Tipi Tapa guraso elkarteak elkarlanean antolatutako ekimena izan zen, eta hogei bat guraso elkartu ziren gaian sakontzeko.
Magala espazioko arduraduna den Amaia Arrietak gidatutako saioan, gurasoek haurren jokabide horien atzean dagoena ulertzeko gakoak jaso zituzten. Arrietak nabarmendu zuenez, “haurrak ez du eraso egiten min egiteko, arriskuan dagoelako baizik”. Ikuspegi honek erabat aldatzen du helduok egoera horien aurrean izan ohi dugun jarrera: haurra zigortu beharrean, bere barne-emozioak eta segurtasun-falta kudeatzen lagundu behar diogula azaldu zuen.
Haur Hezkuntzako lehen urteetan eraso-jokabideak agertzea prozesu natural baten parte izan daitekeen arren, gurasoen artean kezka handia sortzen duen gaia da. Herenegun egindako saioak, informazioa emateaz gain, gurasoen arteko bizipenak partekatzeko eta beldurrak uxatzeko balio izan zuen.
Arizmendi Ikastolatik oso positibotzat jotzen dugu herriko beste eragile batzuekin batera horrelako foroak sustatzea; herritarrei tresna baliagarriak eskaintzea haurren garapen emozionala modu osasuntsuan lagundu dezaten.
Goiena.eus-en Amaia Arrietari egindako elkarrizketa, hemen.