LEKEITIOko udalekuak 2025 (1.txanda)

6.eguna
Gaur, gure udalekuetako azken aurreko eguna izan da, eta eguna ederra izan da hasieratik bukaerara!
Goizean goiz esnatu eta indarrak hartzeko gosaria jan dugu. Ondoren, Lekeitioko Talaia aldera abiatu gara. Igoera pixka bat neketsua izan da, baina taldean igotzea beti da errazagoa, eta behin goian geundenean, ikuspegi zoragarria zegoen!
Eguerdian, bazkari goxoa izan dugu: espagetiak eta patata tortilla. ÑAMMMM ! Denok gustura jan dugu, energiaz betetzeko arratsaldeko abenturarako.
Marea baxua zela aprobetxatuz, Garratz irlara joateko asmoa zegoen. Bertan, bertako istorio eta kondairak ezagutzeko. Azkenean, marea ez dugu lagun izan eta horren ordez, Gaztelu lehiaketa egin dugu taldeka.
Jarduera guztiaren ondoren, dutxatzeko garaia iritsi da, eta maletak prestatzen hasi gara bihar itzultzeko. Pixkanaka-pixkanaka agurra hurbiltzen ari da, baina oraindik azken egunaz gozatzea falta zaigu!
Bapo afaldu ondoren, azken gaubela egiteko ordua iritsi zaigu…gaurkoan mozorro festa!
5.eguna

Bostgarren eguna iritsi da eta hemen gaude oraindik… bizirik eta, umeen kasuan, energiaren goia jotzen! Goizeko lehen argiarekin batera, haurrak ohetik salto eta gu, begiraleak, oraindik mundura itzultzen saiatzen.
Goiza eguzkitxu hasi da. Gosari oparoa hartu ostean, taldeak antolatu eta bakoitza bere bideari ekin dio:
Mendexara joan den taldeak abentura parkea konkistatu du. Tirolinak, zubi zintzilikariak eta zuhaitzen arteko ibilbideak izan dituzte menuan. Ausardiaz eta abiaduraz egin dute salto, txori itxura hartuta.
Beste taldeak, bitartean, herriko kaleetan eta mendi inguruan ibili dira. Naturaz gozatu, jolasean aritu eta indarrak berritu dituzte arratsaldeko ur-ekintzetarako.
Eta arratsaldean… ur tantaz blai amaitu dugu: padel surf eta piraguak izan ditugu protagonista. Arraunak mugitzen, abesten… batzuk abileziaz, beste batzuk dantza batean baleude bezala. Batzuek uretan bukatu dute, baina irribarrea galdu gabe!
Eta eguna bereziago egiteko, gaur bi monitore beterano etorri dira gure artera egun pasa. Haien aurpegia ikustean, haurrak eta begiraleak pozarren, kontuak eta barreak nagusitu dira. Ederra izan da berriz elkartzea! Eskerrik asko Lide eta Zangitu gugana etortzeagatik!
Ondoren, hondartzan ibili gara berriz!! Karramarroak alde batetik, palak eta futbola bestetik. Hondartzan jada gure lekua hartu dugu, eta bertan bokadilo zein fruta goxo-goxoak jan ditugu.
Gaua, azkenik, “erronka zoroekin” amaitu da. Taldeka, hainbat erronka zoro burutu dituzte: desfilea, rap txapelketa, estatuak, txorimaluak…Gaubela, dantzaldiarekin amaitu dugu eta poliki-poliki ohera joan dira. 3 minututan, lo seko zeuden guztiak…seinale ona!
Zuen seme-alabak zoriontsu, bizitzaz gainezka eta beti zerbait berria deskubritzeko prest.
Eta bihar…elkarrekin egongo garen azken egun osoa… ondo lo in!

4.eguna
Gabon familia maitea!
Laugarren eguna da jada (bai, oraindik bizirik gaude), eta zuen seme-alabak ez dute nekearen zantzurik. Gaur goizean ere, txoriak baino lehenago esnatu dira, eta gu, monitoreok, kafea erdi lo hartzen genuen bitartean, beraiek jada korrika eta saltoka zebiltzan!
Gosari oparoa egin eta gero, berriro banatu gara taldeetan ekintzetarako. Lehenengo taldeak Mendexarako bidea hartu du, abentura parkera. Tirolinetan “piñatak” bezala ibili dira batzuk, zintzilik, ez aurrera ez atzera… baina beti irribarretsu! Beste batzuek, berriz, beldurrak airean utzi dituzte, adarren artean superheroi moduan hegan eginez.
Beste taldeek herrian eta mendian goiza pasatu ondoren, arratsaldean uretara jauzi egin dute: Padel Surf eta piragua! Arraunak hartu eta, “txop!”, “txop!”… Eskuak ondo erabili dituzte, baina norbaitek uste zuen arraun egitea TikTok dantza bat zela.
Gaur goizean “ikuskaria” agertu da berriro eta ara! Azkenean badirudi bere “ikerketa” bukatu duela, eta horren ondorioz monitore bat udalekuetatik joan behar izan da. Bai, bai… guk ere ezin sinetsi: ikuskariak eta monitoreak elkarrekin alde egin dute, eta antza, dena antzezlan perfektu baten modura prestaturik zegoen. Ederra ikuskizuna, eta ikusleen artean, guk barne, barreak, urduritasunak eta txaloak!
Arratsaldean hondartza bisitatu dugu, eta badirudi zuen seme-alabak Lekeitioko harea guztia motxilan sartu eta ikastolara bueltatzeko asmoa dutela. Dutxak? Ataskatu? berriro? Guk? Hondar artean galduak.
Gabean gaubela interesgarria izan dugu. Izpiluaren iztiluak, 8.kapitulua estreinatu du gurean. Federica Forondak, herriko arimak deituta, begiraleak belauniko agertu dira eta antzerki txikia prestatu dute, ederra benetan! Ondoren, judo ikastaroa eskaini digute Anetxuk eta Uxuek eta ondoren, dantza egin dugu elkarrekin.
Eta bihar? Bihar eguzkia berriro aterako da Lekeition… eta hondarra ere bai, motxiletatik!
3.eguna

Gabon familia!
Hirugarren eguna izan arren, zuen seme-alabak gaur ere goiz jaiki dira, eta goizean goizetik umore onez aritu gara jolasean. Gosaltzen indarrak hartu ostean, taldeetan banatu gara eta ekintzetara abiatu.
Talde batek mendi ibilaldia egin du Mendexako abentura parkera, eta besteak, goiza herrian zehar pasa ondoren, arratsaldean uretako ekintzez gozatu dute: Padel Surf eta piragua.
Abentura parkean aritu direnetako batzuk txorizo modura zintzilik geratu dira tirolinetan, ez aurrera ez atzera! Beste batzuek, berriz, aukera paregabea izan dute beren beldurrak gainditzeko. Guztiek ederki pasa dute! Uretako ekintzek ere arrakasta handia izan dute: “txop”, “arraun”, “txop”, “arraun”… Arraunei gogor eman diete, eta, lasai, gaurkoan ere ez da inor ito.
Gaur bisita bereziak jaso ditugu: bi monitore berri batu zaizkigu hezitzaile taldera, freskotasuna eta indar berriak ekarriz. Gainera, ikastolako “ikuskaria” ere agertu da ustekabean, ustezko ikerketa baten aitzakian.
Arratsaldean hondartzan izan gara, eta badirudi zuen seme-alabek hondartzako 3 tona harea ekarri dituztela ikastolara. Dutxak berehala ataskatu dira, eta desataskatze ikastaro bizkor bat eman behar izan diegu.
Gauean, “monitore galduaren bila” jolasa egin dugu herriko kaleetan. Linternekin aritu dira, baina kostata topatu dituzte monitoreak. Antza, bihar “aurrera ibiltzen ikasteko” ikastaroa antolatu beharko dugu, ikasleetako batek portuan erori baitzen… aurrera begiratu gabe zihoala!
Bihar ere eguzkia aterako da Lekeition!
Betiko estekan aurkituko dituzue azken argazkiak: https://flic.kr/s/aHBqjCjZfS

2.eguna
Kaixo familia!
Eguraldi kaxkarrarekin esnatu gara gaur… baina ez dago aitzakiarik! Gaur gainera paelleruak datoz gurera! Eta ez hori bakarrik…sorgin baten eguna be bada! ZORIONAK PAULE LAGUNILLA!
Kamiseta koloretxuak jantzi, paellagileei ongietorria eta aurreskua egin ondoren, goiza olinpiadetan murgilduta pasa dugu. A zer nolako giroa!!
Olinpiadetako pikeak albo batera utzita, tripak betetzeko unea iritsi da. Arizmendiko paellagileen herri bazkaria izan dugu eta a zer nolako bazkaria! Oraindik ere tripak beteta ditugu. Gainera, Pauleren eguna ere ospatzeko aukera izan dugu. Elkarrekin abestu eta oparitxo bat jaso du.
Arratsaldean, herriko bazterrak gehiago ezagutzeko, GINKANA bat egin dugu herri osoan zehar. Batzuk nahiko despistatuta ibili dira eta galdera berberarekin gora eta behera aritu dira, EZ DIEGU ERREX JARRI 😉 kar-kar-kar-kar!
Berriro ere tripak betetzeko unea… zelako eguna JAN ETA JAN. Ederra gaurko ogitartekoa Lekittoko kalatxoriei ere asko gustatu zaie, GASTROUDALEKUAK dirudite..
Euria berriro! Ai ene!!! Hondartzako plana bertan behera utzi eta poliki-poliki ikastolara etorri gara. Lasai egoteko unea… musika lasaia, mahai jokoak.. eta konturatu orduko AFALTZERA!! eta bai, oraindik badaukagu lekua. Gaurkoan, entsalada eta legatza txanpiekin, ederra benetan! Igartzen da kosta ondoan bizi garela.
Gaubelako jolasen ondoren, poliki-poliki ohera joan gara eta gaur ez dugu horrenbesteko parrandarik izango, eskerrak!
1.eguna
Goizean goizetik eguraldia lagun eduki dugu. Maletak autobusean sartu eta Lekeitiora bidea hartu dugu. Poz-pozik heldu gara Azkue ikastolara! Lehenengo egun ederra izan dugu. Talde ezberdinen banaketa egin eta gero, taldeko kamisetak prestatu ditugu. Horretarako, talde bakoitzari kolore bat atxikitu eta elkarrekin kamisetak tintatu ditugu. Ondoren, bakoitzak bere bazkaria atera eta azkar batean tripak bete ditugu. Zelako bokadilo goxoak!! ÑAM!
Arratsaldean, Lekeitioko kaleetatik barrena ibili gara, herria apur bat ezagutzeko eta… hara! Hondartzarekin topo egin dugu. Krema bota eta bainutxo bat ezta? Ederto ibili gara uretan jolasten eta karramarroak hartzen.
Konturatu orduko, dutxatzeko ordua iritsi zaigu eta baita afal ordua ere. Bapo afaldu dugu Lekeitioko sukaldari bikainek prestatutako purea eta almondrigilak!! (Purea? Askok hau irakurtzerakoan usteko duzue zuen seme-alabak ez zuela jango…baina sorpresa! Danek guzti-guztia jan dute eta askok errepikatu…seinale ona!) Gora sukaldaria!
Egunean zehar, gogo askorekin prestatzen aritu gara gaubelan egingo ditugun talde aurkezpenak.
Originalak izan dira gero…! Dantzak, txisteak, bertsoak… artista galantak zuen seme-alabak.
Gaba gogorra dugu aurretik, rotulagailu gabe baina linterna ugarirekin! Bihar arte familia, eta gora Lekeitio! Ondorengo estekan gaurko argazki batzuk aurkituko dituzue: https://flic.kr/s/aHBqjCjZfS
