LEKEITIO l.TXANDA
UZTAILAK 6
ETXERA!
Aste ederra pasa dugu Bizkaiko herri txiki polit honetan! Mila esker guztioi.
Ondo pasa oporrak!
Argazkiak hemen
UZTAILAK 5
Kaixo familia! Zer uste zenuten, energia gabe geldituko ginela? Ba ez, egun osoan zehar ekintza pila bat egin ditugu.
Goizean, gosaldu eta gero, bandera jolasari ekin diogu, talde izaera sustatuz. Lehendabizi, taldeko oihuak, outfit-a, dantzak, banderak… Prestatu ostean, Lumetzako basora joan gara gure banderak gorde eta besteena aurkitzera. Batoren bat oraindik bueltaka dabil banderak aurkitu nahian… Ez dakigu zehazki nork irabazi duen, baina bazkal ostean atsedena eta gero, jokoari amaiera eman diogu, banderekin negozio desberdinak eginez.
Eguzkiak gogor jotzen duenez, hondartzako itzalak aprobetxatu ditugu arratsaldea pasatzeko eta behin baino gehiagotan, bainu ederrak hartu ditugu. Dutxatu eta gero, biharko dena prestatzen ari ginela, ohartu gara gure galtzontzilo, galtzerdi, kulero zein txankletak bizi propioa hartu eta ezkutaketan jolasten aritu dira. Ea biharko denak aurkitzen ditugun, kar kar kar.
Eguna poliki-poliki amaitzen da eta zeruko koloreak ere aldatzen ari dira, beraz, gaurko gaubelarekin, Lekeitiori eta bere inguru ederrari agur esango diogu, guri eguzkiak esango digun moduan.
Muxu bana guztioi, bihar ikusiko dugu elkar!
Argazkiak hemen
UZTAILAK 4
Aspaldiko! Zer moduz dijoa asteburua gure herrietan?
Lekeitio aldetik soilik berri on eta desiragarriak ditugu. Eguraldi aparta izan dugu gaurkoan eta horrek, ur ekintza ugari egitea ahalbideratu du. Monitore batzuek, umeek baino hobeto pasa dute…
Azken ekintza eguna zen, beraz, aurreko egunetako dinamika berbera jarraitu dugu: Lumetza, Garraitz eta hondartza. Gaurkoan, dena itzalean, noski. Goizeko irteeratxo guztiak, hondartzan bainu on bat hartuz amaitu ditugu. Makarroiak eta saltxitxak jan eta gero, portura abiatu gara ur ekintzak egitera. Itsasoa bare-bare zegoenez, irlako txoko sekretuak ezagutzera eraman gaituzte, bertako koba eta hondartzak ikusteko. Zelako bainua hartu dugun bertan!
Dutxa eta gero, pizza afalduta, kalera irten gara antzerki bat ikustera. Izan ere, Lekeition, uztaileko lehenengo asteburuan, “Kaleka” izeneko kale antzerkien jaialdia ospatzen dute eta ikuskizun ezberdinez gozatzeko aukera izaten dugu. Gaurko gaubela beraz, kalean pasa dugu.
Bihar, Otoioko mendi tontorrera egingo dugu irteera. Ea azken eguneko nekea ez den hainbeste nabari.
Izan huntsa!
Argazkiak hemen
UZTAILAK 3
Kuku! Zer moduz zuek Debagoieneko zulotik? Gu primeran aritu gara Lekeitioko eguzki izpien azpian!
Goizean goiz, gosaldu eta gero, ekintza bereziak egiteko antolatu gara. Garraitzeko uhartera, Lumetzako tontorrera eta hondartzako ur epelera abiatu gara talde ezberdinetan. Beroa eta eguzkia aprobetxatzeko, guztiok hondartzan amaitu dugu.
Bazkaldu eta gero, ozeano handirantz egin dugu salto. Kayak eta taula handiak hartuta arraun eginez, Bizkaiko itsaso bazterrak arakatu ditugu. Marrazorik ez zebilenez, uretara salto egiteko aukera ere eduki dugu, a ze freskura eta plazerra!
Ekintza bukatu ostean, gazta bokadilo ederra janda hondartzara joan gara jolas ezberdinak egitera. Dutxa goxo bat hartu eta gero, aftersun tailerra eginez, afaltzeko prestatu gara. A ze nolako hanburgesak jan ditugun! Arrasateko hanburgesak baino goxoagoak zeuden Lekeitio Pim Pam Pum burgerrekoak.
Gaubelan, bisita berezi bat izan dugu, Pello Reparaz etorri da gurera eta “Mitoaroa lV” ikuskizuna eskaini digu. Euskara jasaten ari den zapalkuntza ikusita, Pellok ere, Lekeitiotik babes osoa bidali nahi izan die Euskal Herritar guztiei.
Bihar, ekintza berezien azken eguna izango dugu. Deskantsu ederra merezi dugu gaur.
Gabon pasa guztioi eta euskaraz bizi!
Argazkiak hemen
UZTAILAK 2
Gabon familia!
Gaur egun luze eta emozio askoz beterikoa izan dugu aurretik. Goizean goiz, esnatu eta gosaltzera jaitsi gara, baina berehala, gure paellero maiteak heldu dira eta nola ez, sekulako harrera egin behar zitzaien. Ostean, talde olinpiadak izan ditugu ikastolako eremu ezberdinetatik zehar: erreleboak, ur jolasak, jaurtiketak, dantzak, abestiak…
Paella platerkada itzela jan eta gero, “Hi selfie!” lehiaketa jokatzera joan gara herrira. A ze nolako artistak ditugun gure artean!
Herriko kaleetatik zehar imitazioak egiten ibili ondoren, hondartzara joan gara bainu goxo eta lasaigarri bat hartzera.
Dutxa ostean, eltzeko zopa fideotxoekin eta xolomo ontzutua janda tripa beteta, herrira jaitsi gara berriz ere, monitore galduaren bila jolasa egiteko.
Bihar, ur ekintzen eguna izango dugu.
Muxu bana guztioi, asteburu on!
Argazkiak hemen
UZTAILAK 1
Kaixo berriz ere familia! Goizean goiz esnatu, ondo gosaldu eta ekintzekin hasteko prestatu gara. Motxilan bazkaria sartu eta talde batzuk Mendexako abentura parkera igo dira goizean zehar arbolismoa praktikatzeko. Tarzanen tankera aritu dira batzuk…
Beste talde batzuk, Lekeition dugun Garraitz irla ikusgarrira joan dira eta bertan, uhartearen historia zein kondairak kontatu dizkiete bertoko aditu batek.
Azken taldeek, Lumetzako tontorrera egin dute irteeratxoa, bidean zeuden gurutze guztiak zenbatu eta gero, Garraitzeko taldearekin elkartu dira hondartzan, karramarro edo bazkari bila.
Arratsaldean, babarrun gorriak jan eta gero, Lumetzako eta Garraitzeko taldeak Mendexako abentura parkera joan dira, Tarzan izateko gogoz.
Berriz ere dutxa bero eta goxo bat hartu ondoren, pure eta almandrogilekin tripa ondo beteta, gure dantzaleku gustukoenera jaitsi gara gerria mugitzera. Bihar bisita bereziak ditugunez, deskantsu on baten beharrean gaude.
Ondoloin familia! Muxu bat denoi!
Argazkiak hemen
EKAINAK 30
Kaixo familia, iritsi gara Lekeitiora eta zer nolako eguraldia! Taldekatzeak prestatu, logelak antolatu eta herria ezagutzera irten gara. Herrian zehar bertako historia eta txutxumutxuak ezagutzen aritu gara eta txorixo bokata jan eta gero, hondartzara joan gara ondarrezko gaztelu lehiaketa egitera.
Ikastolara itzuli eta dutxa eder baten ostean, afaltzera joan gara. Ederra hemen daukagun sukaldari taldea, entsalada eta patata tortila itzelak prestatu dizkigute.
Tripa bete eta gero, lehenengo gaubelara jaitsi gara eta a zer nolako dantzak egin dituzte gure gaztetxoek! Taldeak aurkeztu, disko-festa, monitoreak ondo ezagutu… eta nekatuta lotara. Munduko errekorra gainditu dute, lehenengo 30 minutuetan lo seko gelditu dira.
Bihar ekintza egunekin hasiko garenez, deskantsu ederra behar dugu. Bihar arte!
Argazkiak hemen