LEKEITIO 2024 – 1.TXANDA

Kaixo!

Hemen behean ikusiko dituzue Lekeitiko 1.txandako nondik norakoak. Uztailak 1etik 7ra egingo ditugun eguneroko ekintza guztien laburpen bideoak aurkituko dituzue bertan. Sartu eta gozatu!

2024-07-06

Gora San Fermin!

Eguna txupinazoa botaz eta haurrak esnatzen hasi dugu. Mendiko oinetakoak jantzi eta Otoio mendira abiatu gara. Beheranzkoan euri zaparradak harrapatu gaitu, baina lokatza gure laguna denez, ipurdia asko zikindu dugu.

Bitartean, ikastola ondoan dagoen hotel batean, famatu batzuen ezkontza dagoela ohartu gara. Nola ez, gure udalekuetako kuxkuxeroenak, bertara joan dira dena ikustera. Arratsaldean, beraien ezkontzan mozorrotuta sartzea pentsatu dugu! Ba al dago ideia hoberik?

Arratsaldea ezkontza kuxkuxeatuz hasi gara eta “Hi-selfie” jolasarekin girotu dugu. Talde guztiak Lekeitioko txoko ezberdinetatik aritu dira argazki ezberdinak imitatzen. Modelo bikainak dira gureak! Kale antzerkiaren asteburua aprobetxatu dugu eta antzerki batzuk ikusiaz amaitu dugu arratsaldea.

Gaubela berezia izan dugu gaurkoa. Txutxumutxu ezberdinak izan ditugu protagonista eta aldakak modu kuriosoan mugituz, dinamika eta jolas ezberdinak egin ditugu. Azken gaubela izanik, topera disfrutatu dugu! Biharko eguna heltzeko gogo gabe gaude denok, zuek?

Bihar arte guraso maitagarriak!

Mila esker aste hau posible egin duzuen guztioi. Gurasoei, horrelako haur jator, maitagarri, alai eta saltseroak gurera ekartzearren. Nola ez, eskerrik asko monitore taldeari baita ere, energia agortu gabe, dena eman dutelako azken momenturarte.

TOPA GUGATIK LEKEITIO!

GORA GU ETA GUTARRAK!

Ondorengo estekan gaurko bideo laburpena aurkituko duzue: https://youtu.be/GyJmipVQkqw

2024-07-05

Gabon Euskal Herria!

Gure haurren azken ekintza eguna izan da gaur eta jada, martxa hartuta, gogo biziz esnatu dira. Badakite zer egin behar duten eta oso motibatuta joan dira egin beharreko ekintzetara. Eguraldia lagun izan dugu eta uraren eguna izango balitz bezala disfrutatu dugu!

Oso esperientzia polita bizi izan dutela helarazi digute eta bertako espezialistek ere, berau ziurtatu dute. Portuan salto ugari egin eta gero, Lea ibaian barna ahotsak urratu arte abesten eta gozatzen aritu dira.

Arratsaldea hondartzan igaro dugu eta a ze poza! Monitore bitxi berri bat iritsi da gugana. Bere bakarrizketa egin eta gero, galdera ugari egin dizkiote eta txokolatezko bokadilo urtua jan dugu.

Gauean, herritik zehar monitore galduaren bila egin dugu. Monitore batzuk oraindik ezkutuan aspertuta daude!

Bihar, eguraldia lagun izanez gero, kale antzerkiaz disfrutatzeko asmoa dugu… Kontatuko dizuegu.

Besarkada bat guztioi!

Ondorengo estekan gaurko bideo laburpena aurkituko duzue: https://youtu.be/jRdvOvqAvZk

2024-07-04

Kaixo senide maiteok! Zer moduz? Gu ederto gabiltza!

Hasi da udalekuetako nekea nabarmentzen baina hala ere, oraindik erregai asko dugu barrenean. Ekintzen bigarren eguna izan da eta oso gustura aritu gara leku ezberdinetan barrena. Goizean hondartzan jolas ezberdinak egin ditugu eta arratsaldean, ekintzekin gozatu eta gero, guztiok batera hondartzan egon gara. Bitxikeria bezala, antxeta pila batek erasotu digute eta a ze nolako “kaioen xuxurlatzaileak” dauzkagun gure artean.

Dutxa bero bat hartu eta gero, “arraieeeeeee” afaldu dugu eta ze ona zegoen legatz freskoa! Gauean, Lekeitioko kaletatik antzerki ezberdinak egin genituen, Kale Antzerkiaren astebururako prestatzeko. Hortaz gain, beldurrezko ibilbidea izan dugu amaieran eta monitore batzuen frakek oraindik usaina daukate…

Laster arte!

Ondorengo estekan gaurko bideo laburpena aurkituko duzue: https://youtu.be/7ks32NmAIqM

2024-07-03

Egun aldrebes on familia!

Azkenean eguzkia lagun izan dugularik, egun xelebrea izan da gaurkoa. Ekintza eguna izanik, goizeko 10:30tan (ekintzetara gindoazela) bainua debekatuta zegoela esan digute mareen gorabeheregatik. Dena hankaz gora jarri eta guztiok batera Mendexara joan behar ginenean, sorosleen deia jaso dugu esanez, bainatzeko arazorik ez zegoela. Zer nolako kakanahastea, berriz ere buelta! 

Eskerrak zuen seme-alabak umorez eta pazientziaz hartu duten gaurkoa, ze nolako taldea dugun! Zorionekoak gu!

Zapaburu eta Moko berdeen taldea Mendexako abentura parkera abiatu da eta bertan aritu dira arbolismoa praktikatzen, besarkada ugari eman dizkiete zuhaitzei!

Kongituak eta Brrrr esparraguak, Garraitz uharterantz joan dira, baina hara iristerakoan, marea igotzen hasi eta buelta eman behar izan dute. Lasai! Biharko egunean joango dira bertako historia ezagutzera. Arratsaldean, kayaketan Lekeitioko kosta ezagutu dute.

Jude eta Barbitarrak zein Kaparrak, Lumetzako tontorrera igo dira. Basoan zehar ibilalditxoa egin ostean, hondartzara jaitsi dira uharteko taldekoekin baloi errea txapelketa erraldoia jokatzeko. Ze gustura ibili garen!

Ekintzak bukatzerakoan, bainu erraldoia hartu dugu, txokolatezko otarteko eta Villaconejoko meloiak lagunduta.

Dutxa goxo bat hartu eta gero, oilaskoa laban afalduta, mozorroak prestatzen hasi gara eta FUROR-FUROR talde dantza txapelketarako urduritasunak hasi dira. LEKITTO TBko laburpen bideo ikusi eta gero, dantza gaua izan dugu protagonista. Gustura ibili gara guztiok aldakak mugitzen!

Muxu bana etxeko guztientzat!

Ondorengo estekan gaurko bideo laburpena aurkituko duzue: https://youtu.be/ULGTMm09YO0

2024-07-02

Kaixo familia!

Gaur ere egun ederra pasa dugu, eguraldia aldeko izan ez dugun arren. Goiza olinpiadetan murgilduta pasa dugu, paelleroek girotuta. 

Olinpiadetako pikeak albo batera utzita, Arizmendiko paellagileen herri bazkaria izan dugu eta a zer nolako bazkaria! Oraindik ere bilinboloka gabiltza…

Arratsaldean, Lekeitioko inguruak gehiago ezagutzeko, ginkana bat egin dugu herri osoan zehar. Batzuk nahiko galduta egon dira eta galdera berberarekin gora eta behera aritu dira, kar-kar-kar-kar!

Txorixo ogitarteko eta meloi ederra jan ostean, GASTROUDALEKUAK direla ondorioztatu dugu. Zenbat janari, jaungoikua! Afaltzeko ere kontatu ezin izan ditugun ehundaka almandrogila…

Gaubelako jolasen ondoren, poliki-poliki ohera joan gara eta gaur ez dugu horrenbesteko parrandarik izango, eskerrak!

Ondorengo estekan gaurko bideo laburpena aurkituko duzue: https://youtu.be/pbIRfmUR7uk

Bihar arte familia!

2024-07-01

Goizean goizetik eguraldia lagun eduki ez dugun arren, aurpegi ona jarri eta lehenengo egun borobila izan dugu. Talde xelebreen banaketa egin eta gero, bakoitzak bere GOURMET BAZKARIA atera eta segundu batean tripak bete ditugu. A zer nolako sukaldari onak dituzten etxean!

Arratsaldean, Civitatis enpresako gure monitore Danel etorri da Lekeitioko free tour-a egitera, a ze turra eman digun! Leihoa zabaldu eta eguzki izpiak atera direla ikustean, ez dugu hondartzara joateko zalantzarik izan. Bertan, jolasean egon eta gero, poliki-poliki hankak uretan sartu ditugu.

Ikastolara itzuli eta bihar Olinpiadak ditugunez, karbohidratoak afaldu ditugu, ñaaaaaaaaam! Ze goxoa zegoen makarroi platerkada eta zer esanik ez xolomo eder horretaz!

Gaba gogorra dugu aurretik, rotulagailu gabe baina linterna ugarirekin! Bihar arte familia!

Ondorengo estekan gaurko bideo laburpena aurkituko duzue: https://youtu.be/j2o0zSn7VTM