LEKEITIO 2.TXANDA 2025

6.EGUNA (Uztailak 12)

Gaur, gure udalekuetako azken aurreko eguna izan da, eta eguna ederra izan da hasieratik bukaerara!

Goizean goiz esnatu eta indarrak hartzeko gosaria izan dugu. Ondoren, Lekeitioko Talaia aldera abiatu gara. Igoera pixka bat neketsua izan da, baina taldean igotzea beti da errazagoa. Monitoreen kilometro bertikala izan dugu eta gure Malen Osak ezustekoa izan du. (Baina dena ondo) Behin goian geundenean, ikuspegi zoragarria zegoen!

Eguerdian, bazkari goxoa izan dugu: makarroiak eta tortilla. ÑAMMMM ! Denok gustura jan dugu, energiaz betetzeko arratsaldeko abenturarako.

Gaurko eguraldia kaxkarragoa izan dela ikusirik, arratsaldean Hi Selfie lehiaketa egin dugu. Lekeitioko txoko desberdinak ezagutzen jarraitzeko balio izan digu, eta nola ez, gure aztarna uzteko.

Jarduera guztiaren ondoren, dutxatzeko garaia iritsi da, eta maletak prestatzen hasi gara bihar itzultzeko. Pixkanaka-pixkanaka agurra hurbiltzen ari da, baina oraindik azken egunaz gozatzea falta zaigu!

Bapo afaldu ondoren, azken gaubela egiteko ordua iritsi zaigu…gaurkoan, mozorro festa!

Azkenik, aipamen berezi bat egin nahi diogu ikasturte honetan zuen seme-alaben irakasle izan den Paula Iregiri. Izan ere, gaurkoan, 30 URTE bete ditu gure gaztetxoak! ZORIONAK eta ondo pasa Nathyrekin dantzan! Maite zaitugu!!!

Honekin, zuena agurtzen gara. Plazerra izan da egun hauek zuen seme-alabekin igarotzea. BIHAR ARTE!

IMG_6534

5.EGUNA (Uztailak 11)

Bostgarren eguna iritsi da eta hemen gaude… hezitzailak bizirik eta, umeak aldiz, energiaren goia jotzen! Goizeko lehen argiarekin batera, haurrak ohetik salto egin dute. Gu aldiz, mundura itzultzen saiatzen.

Goizean lainoren bat edo beste egon arren, azkar irten du eguzkiak. Gosari earra jan ostean, taldeak antolatu eta bakoitzak bere bideari ekin dio:

Mendexara joan den taldeak abentura parkea konkistatu du. Tirolinak, zubi zintzilikariak eta zuhaitzen arteko ibilbideak izan dituzte menuan. Ausardiaz eta abiaduraz egin dute salto, txori itxura hartuta.

Beste taldeak, bitartean, irlan eta mendi inguruan ibili dira. Naturaz gozatu, jolasean aritu eta indarrak berritu dituzte arratsaldeko ur-ekintzetarako.

Eta arratsaldean… ur tantaz blai amaitu dugu: big sup eta piraguak izan ditugu protagonista. Arraunak mugitzen, abesten… Batzuek uretan amaitu dute, baina irribarrea galdu gabe!

Eta eguna bereziago egiteko, monitore beteranoen bisitak jasotzen jarraitu dugu. Haien aurpegia ikustean, haurrak eta begiraleak pozarren, kontuak eta barreak nagusitu dira. Ederra izan da berriz elkartzea!

IMG_6534

4.EGUNA (Uztailak 10)

Gabon familia!

Laugarren eguna pasa da jada (bai, oraindik bizirik gaude), eta zuen seme-alabak ez dute nekearen zantzurik. Gaur goizean ere, txoriak baino lehenago esnatu dira, eta guk, monitoreok, kafea erdi lo hartzen genuen bitartean, beraiek korrika eta saltoka aritu dira!

Gosari oparoa eta gero, ekintzetarako taldeetan banatu gara. Lehenengo taldeak Mendexarako bidea hartu du, abentura parkera. Tirolinetan “piñatak” bezala ibili dira batzuk, zintzilik, ez aurrera ez atzera… baina beti irribarretsu! Beste batzuek berriz, beldurrak airean utzi dituzte, adarren artean superheroi moduan hegan eginez.

Beste taldeek goizean zehar, uretara jauzi egin dute: big sup eta piragua! Arraunak hartu eta, “txop!”, “txop!”… Ederto pasatu dute goiza!

Arratsaldean hondartza bisitatu dugu, eta badirudi zuen seme-alabek Lekeitioko harea guztia motxilan sartu eta ikastolara bueltatzeko asmoa izan dutela.

Gauean gaubela interesgarria izan dugu. Perutik iritsi berria den monitore batek, “free tour-a” egin digu herritik. Viva el Perú eta gora Peru!

Eta bihar? Bihar giro paregabea izango dugu berriz… eta hondarra (motxiletan batez ere!)

IMG_6534

3.EGUNA (Uztailak 9)

Hirugarren eguna izan arren, zuen seme-alabak gaur ere goiz jaiki dira, eta goizean goizetik umore onez aritu gara jolasean. Gosaltzen indarrak hartu ostean, taldeetan banatu gara eta ekintzetara abiatu.

Talde batek mendi ibilaldia egin du Mendexako abentura parkera, eta besteak, goiza herrian zehar pasa ondoren, arratsaldean uretako ekintzez gozatu dute: big sup eta piragua.

Abentura parkean aritu direnetako batzuk txorizo modura zintzilik geratu dira tirolinetan, ez aurrera ez atzera! Beste batzuek, berriz, aukera paregabea izan dute beren beldurrak gainditzeko. Guztiek ederki pasa dute! Uretako ekintzek ere arrakasta handia izan dute: “txop”, “arraun”, “txop”, “arraun”… Arraunei gogor eman diete eta, lasai, gaurkoan ere ez da inor ito.

Gaur bisita bereziak jaso ditugu: bi monitore eta irakasle xelebre bat (Paula) batu zaizkigu hezitzaile taldera, freskotasuna eta indar berriak ekarriz.

Gauean, “monitore galduaren bila” jolasa egin dugu herriko kaleetan. Linternekin aritu dira, baina kostata topatu dituzte monitoreak. 

Bihar ere eguraldi bikaina izango dugu Lekitton!

IMG_6534

2.EGUNA (Uztailak 8)

Kaixo familia! Zer moduz? Gu elegante gabiltza!

Goizean goizetik, oraindik hasierako urduritasunak nabariak izan dira. Goizeko 7:30etan, ikasleen eskutik DIANA izan dugu.

Gosari eder baten ostean, jasoko genuen bisitarako prestatzen hasi gara. Kamiseta koloretxuak jantzi eta paellagileei ongietorria egin ondoren, goiza olinpiadetan murgilduta pasa dugu. A zer nolako giroa!! 

Olinpiadetako pikeak albo batera utzita (eta tranpak), tripak betetzeko unea iritsi da.  Arizmendiko paellagileen herri bazkaria izan dugu eta a zer nolako bazkaria! Oraindik ere tripak beteta ditugu.

Arratsaldean, herriko bazterrak gehiago ezagutzeko, GINKANA bat egin dugu herri osoan zehar. Batzuk nahiko despistatuta ibili dira galdera berberarekin gora eta behera. EZ DIEGU ERREX JARRI!

Eguraldia lagun izanik, indarrak berreskuratzeko helburuarekin udalekuetako LEHEN BAINUA hartu dugu guztiok batera. Eta nola ez, LEHEN DUTXA! XALALAA! RIKI RIKI!

Kostako arrai goxoa afalduta, ERRONKEN GAUBELA ospatu dugu. Ea nori tokatu zaion pilota madarikatua… Ziur gaur lo gehiago egingo dugula! GORA SAN FERMIN!

IMG_6534

1.EGUNA (Uztailak 7)

Gabon Arrasate!

Hasi da Lekittarron abentura ahaztezina! Egun hauetan, bizipen ugari izango ditugu eta ziur denbora luzez gure barruan gordeko ditugula.

Zalduspeko autobus geltokian hasi dugu eguna eta aldapan gora eta behera aritu ostean, iritsi gara helmugara. Ze leku ederrean dagoen Azkue ikastola!

Maletak alde batera utzi eta elkar ezagutzeko tartea hartu dugu, merienda eder baten laguntzarekin, noski. Zortzi pertsonaz osatutako bederatzi talde osatu ditugu, batzuetan bi monitore izanik, badakizue, bihurriak kontrolatu egin behar dira eta…

Gaubelarako taldeen ikuskizun bereziak prestatu eta gero, afaltzeko ordua iritsi da eta a zer nolako menua! Arroza eta almandrogilak saltsan! Ummmmmm…

Dena garbitu eta lehen gaubela izugarria ospatzera joan gara, a zer nolako ikuskizun eta dantzak egin ditugu. Diskofestako argiak jarri eta izerdi on batzuk botaz nekatu arte egin dugu dantza. Ea orain nor lokartzen den…

Egun oso politak ditugu aurretik eta biharko eguna ere gogorra izango da. Arizmendiko bisita berezi bat izango dugu… Hemendik usaintzen da beraien esentzia. Zer izango da?

Gabon familia, izan huntsa!