Lanbide Heziketako osasun arloko ikasleak lan-mundua eta errealitatea gertutik ezagutzen
Lanbide Heziketako Osasun Larrialdiak eta Erizaitzako zaintza osagarrietako ikasleek lan-mundua zein osasun-sektorearen errealitatea gertutik ezagutzeko aukera paregabea izan dute azken asteetan.
Alde batetik, Erizaintzako 1. mailako ikasleak San Juan de Dios Ospitalean izan dira bisitan. Bestetik, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak eta AESLEME elkarteak (Bizkarrezur Muineko Lesioak Ikertzeko Elkartea) elkarlanean bultzatutako sentsibilizazio-programari esker, Ibon Muguerza eta Karla Linazasoro izan dira Ferixalekuan. Beraien bizipenetatik abiatuta, bizkarrezur-muineko lesioen inguruko hizketaldi benetan interesgarria eskaini diete Osasun Larrialdietako ikasleei. Modu honetan, ikasleek lehen pertsonan entzun ahal izan dute bizitza momentu bakar batean nola aldatu daitekeen.
Lan-eremuko profesionalen eta bizi-esperientzien eskutik ikasteak erabat aberasgarri egiten du gure ikasleen prestakuntza Lanbide Heziketan. Ikasgelako edukiez haratago, errealitatera zabaltzen diren esperientzia hauek ezinbestekoak dira gure ikasleak modu integralean hazteko.
Mila-mila esker Ebari eskainitako denboragatik eta San Juan de Dios Ospitaleari, beste behin ere, hain harrera beroa egiteagatik! Eskerrik asko, baita ere, Ibon eta Karla, zuen lekukotza gurekin elkarbanatzeagatik, plazera izan da!
