Lanbide Heziketako ikaslea den Yune Rodriguez Grezian da Eramus+ programaren baitan

Ferixalekuko Erizaintzako Zaintza Osagarrietako Yune Rodriguez ikaslea Grezian da Erasmus+ programaren baitan kokatzen den TEAMIT+ proiektu pilotuan parte hartzen. Nazioarteko egonaldi hau aukera paregabea izaten ari da gure ikaslearentzat, Europako beste herrialde batzuetako gazteekin batera ekintzailetzaren eta berrikuntzaren alorrean prestakuntza jasotzeko eta esperientziak partekatzeko. Bizipen aberasgarri honek, zalantzarik gabe, bere garapen pertsonala eta profesionala indartuko ditu.

TEAMIT+ ekimenak Euskal Herria, Espainia, Frantzia, Finlandia eta Greziako ikasleak biltzen ditu, eta bere helburu nagusia prestakuntza-ereduak eraldatzea da, gaur egungo gizarteak eta lan-merkatuak dituzten erronkei erantzuteko asmoz. Proiektuaren bidez, ikasleen eta enplegu-eskatzaileen gaitasunak garatu nahi dira, bereziki ingurumen-kontzientzia, inpaktu handiko berrikuntza eta lankidetzan oinarritutako talde ekintzaileen sorrera sustatuz.

Prestakuntza honek ikasleen enplegagarritasuna hobetzeaz gain, kultur arteko zubiak eraikitzea du xede. Yuneren parte-hartzeak agerian uzten du Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketak nazioarteko sareekin duen lotura estua eta gure ikasleek mundu mailako proiektuetan ekarpena egiteko duten gaitasuna.