Laborategi Ikastolak: Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorra lurreratzen
Ikastola batzuek Hezkuntza Marko Orokorra gure ikasgeletan lurreratzeko urrats esanguratsuak egin ditugu eta hauxe da gure buruari eman diogun izena: Laborategi Ikastolak. Marko teorikoaren atzean dagoen filosofia esperimentatzen, fintzen eta sare osoarekin partekatzen ari garen hezkuntza-laborategi biziak gara. Arizmendi Ikastola garen heinean, bete-betean murgilduta gaude pilatutako jakintza hori guztia Euskal Herriko Ikastolen sarearen zerbitzura jartzeko lanean.
Eraldaketa pedagogiko honen erdigunean ikaslearen protagonismoa kokatu dugu. Gure irakasleak edukien “emaile” huts izatetik, ikasle bakoitzaren ibilbide pertsonalizatuan bidelagun izatera igaro dira. Ondorioz, ikasgai isolatuak albo batera utzi eta diziplina arteko proiektuak (PROIak), garapen pertsonalerako saioak (GPS) eta tutoretza indibidualizatuak (BIDEAN) gailentzen dira gure egunerokoan.
Aldaketa honek gure espazio fisikoen egokitzapena ere ekarri du: gela estankoak ireki ditugu, irakaskidetza —hau da, hainbat irakasle aldi berean talde desberdinekin lanean aritzea— ahalbidetzen duten gune malguak sortuz. Horrekin batera, ebaluazio hezigarria ezarri dugu, kalifikazio hutsetik harago, ikaslearen gogoeta eta autorregulazioa sustatzeko.
Anoeta, Axular, Laskorain, Orio eta Txantxiku ikastolekin batera, Arizmendi Ikastolan aitzindari gara prozesu honetan. Gure irakasle zein familiekin elkarlanean garatu ditugun prototipo eta jakintza hauek guztien eskura jartzen ari gara orain, bisita pedagogikoen bidez sare osoa aberasteko helburuarekin.
Artikulu osoa irakurtzeko: Laborategi Ikastolak – Sakonean