LAB IEM-a BATU egitasmoan
Leire Izagirre Uribetxeberria (BATU egitasmoko profesionala)
Arizmendi Ikastolan ezinbestekoa dugu ikasle bakoitzaren sormena, barne-sendotasuna eta gaitasun artistiko zein teknologikoak modu integralean garatzea. Gure Hezkuntza Marko Orokorrean zein Pertsona Ereduan sakonki sustraituta dagoen ikuspegi honi jarraituz, BATU egitasmoaren barruan Ikaskuntza Esperientzia Mota (IEM) den LAB espazioaren aldeko apustu garbia egiten dugu, fokua ikaslearen esperimentazioan eta sormen-prozesuan bertan jarriz.
Leire Izagirrek prozesu pedagogiko honen oinarriak eta gako nagusiak azaldu dizkigu hiru galderatan:
Zer da LAB?
Begirada artistiko-teknologikoa eskaintzen duen IEMa da, non ikasleari aztertzeko, esperimentatzeko, manipulatzeko, adierazteko, sormena garatzeko, sortzeko eta komunikatzeko aukera eskaintzen zaion. Fokua prozesuan jartzen da emaitzan baino gehiago.
Zein da LABen helburua?
Hasteko, baliabide artistiko-teknologikoek eskaintzen dituzten aukera anitzak arakatu eta ezagutzea da LABen helburuetariko bat, ereduak aztertuz eta baliabideekin esperimentatuz eta manipulatuz.
Honetaz gain, sorkuntza lan originalak egitea da beste helburuetariko bat, sormen prozesuan garatutako ideia, sentimendu eta emozioak adierazteko.
Azkenik, garrantzitsua da, eta balore gehigarria ematen diogu bakarkako zein taldeko erronkei aurre egiteko barne-sendotasuna garatzea, ikasle bakoitzak bere burua erregulatuz.
Zergatik da garrantzitsua LABa ikasleen aste ereduan?
Lehenik, ikasleari proaktiboa izateko testuinguruak eskaintzen zaizkio: manipulatu, esperimentatu, galderak egin, erabakiak hartu, sortu, eztabaidatu eta abarrerako aukera emanez.
Gainera, ikasleak askotariko baliabide materialak (musikalak, plastikoak eta teknologikoak) erabiltzeko aukerak dauzka Master LABetan eta ondoren ikaslearen sormena aktibatzeko kalitatezko denborak eta espazioak eskaintzen zaizkio Sozial LAB-etan. Ikasleak bere sormen edo sorkuntza prozesuaren atzean dagoena komunikatzeko edota aurkezteko tarteak daude.
Ikasleak ereduak erabiltzen ditu eta horien ezaugarriak identifikatzen dituzte, horietako batzuk ondare kulturalarekin lotutakoak dira. Guzti hontarako, ikaslea bakarka zein taldean aritzen da egunerokotasunean, egin beharrekoaren arabera.
Azkenik, bere burua erregulatzeko baliabideak ematen zaizkio ikasleari: autoebaluazio errubrikak, irakaslearen feedbacka… eta ikasleak bere buruarekiko irudi doitua izateko aukera du honekin batera.
LABetako saioetan prozesu jakin bat jarraitzen da: Hasieran, irizpideak eta baliabideak jasotzen dituzte ikasleek eredu ezberdinak aztertuz ondoren teknikak lantzen dituzte esperimentazio eta manipulazio bidez. Behin teknikak eskuratutik produktuak sortzera bideratzen ditugu sormena sustatuz eta hauek komunikatuz.