Komunitatearen indarra nagusi Ikastolako jaian

Aurreko ostiralean, ekainak 12, festa giroan murgildu ginen Arrasaten gure Ikastolako jaia ospatzeko. Ikasturte amaierako hitzordu nagusia jendez eta irribarrez bete genuen, eta, gainera, eguraldi eguzkitsua lagun izan genuen goizetik ilunabarrera arte.

Prestaturiko egitaraua goizetik jarri genuen martxan Biteri plazan, LH 4 eta DBH 1-2ko ikasleen ginkana jendetsuarekin. Jarraian, Olarte guneko gure txikienek Danborrada hotsak eraman zituzten herriko kaleetatik Herriko plazaraino, herritarren txalo artean.

Arratsaldean jolasen txanda izan zen, eta 16:30ean eguneko une koloretsuenetako bat bizi izan genuen: Santa Teresa, Olarte, Umezaintza eta Uribarriko kideok kalejira alaia egin genuen, herria girotuz eta denok Biteri plazan elkartuz. Bertan, txalaparta eta bertsolarien doinuekin eman genion hasiera oholtza gaineko ikuskizunari, eta arratsalde osoan zehar Streetdance zein GURAkoen emanaldiak, eta Gaztelupe eta Gazteluondoko dantzarien euskal dantzak gozatzeko aukera izan genuen.

Nolanahi ere, unerik berezienetako bat Porrotxinen bisita izan zen; gure txikienek (eta ez hain txikienek) ilusio handiz jaso zuten bere agurra. Festa amaitzeko, DJ Goikok plaza osoa dantzara jarri gintuen ikasturteari agur esateko modu hoberenean. Arratsalde osoan zehar, gainera, puzgarriek, tailerrek eta talo usorik faltan izan ez zuen txosnak giro paregabea mantendu zuten, Aitor Guridiren aurkezpen lan dinamikoari esker.

Eskerrik asko, komunitatea!

Egun honen arrakasta ez da kasualitatea izan, gure komunitatearen indarraren erakusle baizik. Ikastolako Jaia elkarlanean eta auzolanean oinarritutako jaia izan da, talde-lan handi baten fruitua.

Arizmendi Ikastolatik eskerrak eman nahi dizkizuegu bihotzez egun hau posible egin duzuen guztioi: familioi, zuen inplikazio eta babesagatik; ikasleei, plaza bizipozez betetzeagatik; eta profesionalei, jaiak eskatzen duen antolaketa eta gogo guztia jartzeagatik. Guztion artean egin genuen handi jaia!

Ikastolako jaia 2025 (arratsaldea)