KMK 50: Osatu dezagun erakusketa elkarrekin! Ekarri zure oroitzapenak Ikastolara

2026ko Kilometroak  berezia izango da, borobila, 50. edizioa,  eta Lazkaon ospatuko da. 

1977an ospatu zen lehen aldiz  Kilometroak; ordukoan  Beasain eta Lazkaoko ikastolek antolatu zuten. Jendetza batu zuen lehen edizio hark;  Ikastolen mugimenduarekin bat egiten zuen jende asko  gerturatu zen,  ibilbide hartan kilometroak eginez,  Ikastolen alde dirua jaso eta ikastolei babesa ematera. Gerora sortu dira Ibilaldia, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez eta Herri Urrats jaiak, ikastolen mugimendurako oso garrantzitsuak izan direnak.

Lehen Kilometroak hartatik jaiak  bilakaera nabarmena izan du gaur eguneko eredura iritsi arte. Kilometroak-ek ibilian bete ditu urteak, ibilian lortu  helburuak eta ibilian  pilatu  kilometro mordo bat; eta ibilian-ibilian Lazkaora iritsi da bueltan, 50. edizioa ospatzeko.

50 urte hauetan Gipuzkoako ikastola desberdinek antolatu dute KILOMETROAK jaia. 

1981. urtean San Frantzisko Xabier ikastolak antolatu zuen Arrasaten. Hemen egitaraua eta logoa. 

2005. urtean Arizmendi ikastolak antolatu zuen Aretxabaletan. Hemen egitaraua, logoa eta abestia.

IKASTOLEN jaia, KMK 50. edizioa ospatzeko jarduera desberdinak antolatu dira Gipuzkoako Lurralde Batzarretik. Tartean, ERAKUSKETA ibiltaria, eta honetarako informazio eta material historiko bilketa egin nahi da.

Leintz Bailaran ospatutako KILOMETROAK-en inguruko  bideorik, argazkirik, kamisetarik edota edozein materialik izanez gero izugarri eskertuko genuke Arizmendi ikastolaren eskura uztea ERAKUSKETA ibiltaria denon artean osatu ahal izateko. 

OHARRAK

– Materiala Arizmendiko gune desberdinetan uzteko aukera dago. 

– Jasotzen den material guztia ERAKUSKETA amaitzerakoan itzuliko da.

Eskerrik asko!