Iragana, oraina eta etorkizuna iruten: DBH4koen desfilea Gaztelupen
Gaztelupeko guneko DBH4ko ikasleek amaiera ikusgarria eman diote “Geroaren Irule” izeneko PROIari. Ikasitako guztia laburbiltzen duen amaierako produktu gisa, moda desfile bat prestatu eta aurkeztu diete Gazteluondoko DBH2ko ikasleei. Ekimen honen helburu nagusia arroparen gehiegizko kontsumoaren inguruko kontzientziazioa zabaltzea izan da, gazteen artean gaur egungo jantziek ezkutuan egiten duten ibilbideari buruzko hausnarketa piztuz.
Proiektuan zehar, ikasleek ikerketa sakona egin dute ehungintzak Euskal Herrian historian zehar izan duen eboluzioaren inguruan. Azterketa horretan, garai bakoitzean erabilitako material desberdinak eta ekoizpen prozesuak ezagutu dituzte, tradiziozko tekniketatik hasi eta gaur egungo industria masiboraino. Ezagutza teoriko hori guztia oholtzara eraman dute desfilearen bidez, non iraganeko, gaur egungo eta etorkizuneko jantziak zein kontzeptuak erakutsi dituzten. Irudikapen honen bidez, ikasleek agerian utzi nahi izan dute nola aldatu diren gure ohiturak eta zein den bide jasangarriago bat eraikitzeko proposatzen duten etorkizuneko ikuspegia.
Emaitza ez da ikuskizun estetiko bat soilik izan, baizik eta belaunaldien arteko transmisio saio bat, non nagusienek gazteagoei erakutsi dieten nola bihur daitezkeen kontsumitzaile kritiko eta arduratsuago. Ekitaldiak balio izan du ikasleek arlo desberdinetan (historia, materialak, ingurumena eta komunikazioa) landutako gaitasunak modu praktiko eta sortzailean integratzeko.
Lan ederra egin dute DBH4.mailako gazteek! Jarrai dezagun etorkizuna gaurtik eraikitzen, gure aukerak eta erabakiak modu kontzientean hartuz.
Jarraian bidelo laburra eta argazkiak:
