IBILTARIA 2026 2.TXANDA
UZTAILAK 8-9
Irisi gara Araiara! Azken bi egunetan mendiko zapatilak alde batera utzi eta pedalei gogor eragiten aritu gara.
Asteazkenean Legution esnatu eta ibilbide lasai baten ondoren Ullibarri Gamboan ur ekintzak egiteko eta bertan bazkaldu zein igerilekuan egoteko aukera izan genuen. Primerako plana! Ondoren, bizikletak hartu eta bidearekin jarraitu genuen, afal ordurako Dulantzira helduz. Etapa gogor baten ondoren, afaltzeko premio: pizza!
Gaur aldiz, Dulantziko frontoi elegantean esnatu gara: 6tan jo digu alarmak! Ederto gosaldu ondoren, bizikletak hartu eta 20 kilometroko ibilbidea izan dugu Iturgutxiko paintball-era heldu arte. Bertan, eguneko ekintza egin dugu eta egia esan, primeran pasa dugu goiza! Ekintza amaitzean, bizikletak berriz hartu eta bazkaltzeko Araiara heldu gara, arratsaldea pistinan jolasten eta atseden hartzen igaro dugularik.
Bihar Aizkorri izango dugu helburu. Erronka polita bezain potentea. Eguraldia lagun badugu, Aizkorritik pasa ondoren Urbian pasako dugu gaua. Ilusioz gainezka dago taldean izarren azpian gaua pasatzeko.
Dena ondo bidean, larunbatean Urbian esnatu eta Arantzazun bizikletak hartuko ditugu. Goiza eta eguerdia Usakon pasa ondoren, asmoa 17:00ak aldera Ferixalekura heltzea da. Bertan ikusiko garelakoan, gorantziak guztiori!
HEMEN azken egun hauetako argazki batzuk.

UZTAILAK 4-7 EGUNAK
Betiko lez, Ibiltariaren hasiera ederra bezain intentsoa izaten ari da. Hori dela eta, orain arte hemendik idazteko tarterik ez dugu aurkitu. Ondorengo lerroetan, lehenengo egun hauen kontakizun labur bat egingo dugu:
Larunbatean Ferixalekutik irten eta Atxondora abiatu ginen, bidean Udala eta Besaide zeharkatuz. Anbotoko magala bidelagun, ilusioz gainezka eta indarrez fresko Atxondoko igerilekura iritsi ginen. Bertan arratsaldea pasa eta gaba Axpeko frontoian pasa genuen. Lehenengo gaua izanik, gaubela berezia izan zen.
Igandean, lehenengo handia jomugan genuela esnatu ginen: Anboto. Axpetik Arrazolara jaitsi eta bertatik kilometro bertikaleko igoera burutu genuen. Egia esan, etapa gogorra eta exigentea izan zen gure gazteentzat, baina kemen eta jarrera eredugarriarekin gustora amaitu zuten Urkiolan. Guztira 9 orduz mendian egon ondoren, gauen gaubela antolatzera “derrigortu” ziguten. Beraz, argi dago orokorrean indartsu eta gogotsu heldu zirela Urkiolara.
Aurreko eguneko gogortasunaren ondoren, astelehenean lasai hartu genuen eguna. Hankak askatzeko Urkiolatik Otxandiora ibili ginen eta bertan autobusa hartu genuen, Murgiako igerilekuetan arratsalde lasai igaro ahal izateko.
Gaur Murgian esnatu gara eta udalekuetako erronkaren bigarren tontorra igotzeari ekin diogu: Gorbeia. Anboton pasatako berotik ikasita, gaur goizean goiz abiatu gara Gorbeia igotzera. Goizeko 5:30etan esnatu eta 6:00tarako martxan jarri gara. Goiz zoragarria egin du eta 10:30ak aldera tontorrera heldu gara, bidean asko disfrutatuz gainera. Beheranzko bidea ez da hain erraza izan: berotzen hasi da eta aldapa behera astuna suertatu da. Hala ere, bazkaltzeko Legutioko frontoian geunden eta arratsalde lasaia pasa dugu siesta eta igerilekuko jolasen artean.
Taldea osorik eta indartsu dago. Orain, eguntxo batzuetan mendiko zapatilak alde batera utzi eta bizikletak hartuko ditugu. Bihar Legutiotik irten eta Dulantzi izango dugu helmuga. Bidearen erdian, Ullibarri Ganboan SUP egiteko aukera izango dugu.
Asko gozatzen gabiltza, ea datozen egunak ere horren politak suertatzen dira. Bitartean HEMEN uzten dizuegu lehenengo egunetako argazki eta bideo labur batzuk.

Hasi da abentura! Gaur bertan ekin diogu gure erronkarik handienari, eta indarrez eta gogoz leporaino gaude. Aurretik 8 egun eta 7 gau ditugu elkarrekin bizitzeko, naturaz gozatzeko eta gure mugak gainditzeko.
Gure ibilbidea Arrasatetik abiatu da eta Anboto, Gorbea eta Aizkorriko tontor dotoreak zeharkatuko ditugu, berriro ere Arrasatera sarrera garaile bat egiteko. Bidean zehar, 82 kilometro egingo ditugu oinez mendirik mendi, eta 64 kilometro bizikletaz gure bideari martxa eta abiadura emateko.
Dagoeneko bidean gara, motxilak bizkarrean eta irribarrea aurpegian! Posible dugun neurrian, hemendik helaraziko dizkizuegu gure txandako nondik norakoak, argazkiak eta bizipenak, gurekin batera bidaia ditzazuen.
Gozatu gurekin urrutitik eta bidali indarrak!