Herria Kantari: Ederra bezain euritsua!
Joan den zapatuan, martxoak 14, euria gogotik egin arren, Arrasateko kaleak musikaz eta alaitasunez bete genituen “Herria Kantari” jaialdiaren edizio berriari esker. Eguraldiak ez zuen gure ikasleen gogoa itzali eta, baldintzei aurre eginez, komunitatea doinu herrikoi eta garaikideen inguruan batzea lortu genuen. Izan ere, zapatukoa ederra bezain euritsua izan zen!
Aurtengo errepertorioak, azken urteetako bidetik, emakume sortzaileak izan ditu protagonista erdigunean. Goizean zehar, Sune, Sukena, Sastraka, Alaitz eta Maider, Loa eta Laia, edota Kantu Kolore taldeen doinuak entzun ziren herriko txokoetan. Kantu hauen bidez, emakumeen sormena eta ahotsa ozenarazi nahi izan ditugu beste behin ere.
Jaialdian ERDU (4-5 urte) eta BATU (LH 5-6) mailetako ikasleek hartu zuten parte, Olarte, Umezaintza, Santa Teresa eta Arimazubiko taldeetan banatuta, Gazteluondoko DBHko ikasleekin batera. Euria zela eta, hasiera eta amaiera ekitaldiak Kulturolan ospatu ziren, eta kantu-guneak babespeko lekuetara egokitu behar izan genituen: Kutxa ingurura, Herriko Plazara, Biterira, Parrokiara eta Uarkapera. Hala ere, aldaketek ez zuten giroa hoztu. Amaiera ekitaldian, talde bakoitzak bere abestia eskaini ostean, ikasle guztiek elkarrekin Idoia Asurmendiren “Wafa” abestia kantatuz borobildu zuten goiza.
Arizmendi Ikastolatik eskerrak eman nahi dizkiegu jaialdi hau posible egin duten guztiei: antolakuntzan ibili diren profesionalei, eta, nola ez, ikasleei. Esker bereziak ere, euriari beldurrik gabe zapatuan bertaratu zineten pertsona guztioi; zuen berotasunak eta txaloek egin baitzuten goiza benetan berezi.
Goiena.eus-en argitaratutako albistea, hemen.
