Harrison Florez  (Mikroinformatika zikloko ikasle ohia): “Lanbide Heziketak lan mundurako ateak ireki dizkit”

Arizmendi Ikastolako mikroinformatikako erdi-mailako zikloa amaitu ostean, LKS Infraestructuras IT enpresan egin zituen praktikak Harrison Florezek. Aukera horri esker, lanaldi osoko kontratua lortu zuen bertan goi-mailako zikloa hasi arte. Ondoren, bigarren urtean, DUAL kontratua sinatu zuen LKSrekin, eta harrezkero bertan jarraitzen du lanean informatikari gisa.

Zergatik aukeratu zenuen Lanbide Heziketa?

Bide akademiko tradizionalak ez ninduen nahikoa erakartzen eta Lanbide Heziketaren alde egin nuen. Banekien Lanbide Heziketak hobeto prestatuko ninduela lan-mundurako, teoria eta proiektu praktikoak uztartzeko aukera ematen duelako; eta asmatu nuen, hala izan baita. 

Zer eman dizu Lanbide Heziketak?

Lanbide Heziketak informatika-ezagutzak ez ezik, teoria eta abstrakzioa proiektu errealen bidez praktikan jartzeko gaitasuna eman dit. Ezagutza teknikoak bereganatzeaz gain, akatsak denbora errealean konpontzen ikasi dut; horrek lan-munduko erronkei aurre egiteko trebetasuna eman dit, eta arazoen aurrean erresilienteagoa eta autonomoagoa izaten lagundu dit.

Zer eman dizu informatika ikasteak?

Informatika ikasteak gaur egun hazkunde handiena duen lan-arloetako batean profesionalki garatzeko aukera eman dit. Erdi eta goi-mailako heziketa zikloek oinarri sendoa eskaintzen dute bide horretan jarraitzeko eta bakoitzari gehien interesatzen zaion adarrean espezializatzeko.

Zer duzu eskertzeko Lanbide Heziketari?

Ezagutza-oinarri sendoa emateaz gain, lan-munduko ateak parez pare ireki izana eskertzen diot Lanbide Heziketari. Ikasitakoa enpresa batean praktikan jartzeko aukera eman zidan eta, horri esker, gaur egun bertan jarraitzen dut lanean.