Gure ikasleak sarituak EUSPOT-eko 15.edizioan!

Aretxabaletako Arkupe kultur etxea bete da berriro ere Euspot Euskarazko Spot Lehiaketaren sari-banaketa ekitaldia ospatzeko. Aurten, parte-hartzaileek sormen handiz erantzun diote luzatutako erronkari, “Zergatik sortu euskarazko edukiak sare sozialetan?” gaiaren inguruan lan bikainak osatuz. Guztira 95 spot jaso dira edizio honetan; horietatik 14 helduek eginak izan dira eta 81 adin txikikoek aurkeztutakoak, gazteek ikus-entzunezkoen munduan duten indarra eta gogoa agerian utziz. Gainera, publikoaren babesa erabatekoa izan da, lau eguneko epean 1.800 boto baino gehiago bildu baitira herritarren saria erabakitzeko.
Arizmendi ikastolako ikasleentzako sarietako bat Gazteen Saria (14-18 urte) izan da, irabazleak Gaztelupeko ikasleak izan baitira. Sara Iraolak eta Naia Martinezek jaso dute “Eman like euskarari!” spot-arekin. Bertan, gaur egungo gaztelerazko eduki sortzaile izatetik, euskarazko eduki sortzaile izaterako bilakaera simulatzen dute. Gure ikasleek euskara, sormena eta teknologia berriak uztartzeko duten gaitasun eta maila altua erakutsi dute. Horrela, 500€ irabazi dute.


Arizmendi Ikastolako ikasleen spot onenaren saria, Lander Vallek eta Peru Iturricastillok jaso dute aintzatespen nagusia “Sare zurea da!” izeneko lan dotorearekin. Sari honekin, 250€ irazabi dute. Kategoria honetan gure ikastolako beste ikasle batzuek ere aipamen berezia lortu dute, epaimahaiak euren lana oso gertutik jarraitu baitute.


Sari nagusiari dagokionez, iazko arrakasta errepikatuz, Anje Arlanzonek eta Asier Corchetek eskuratu dute iragarkirik onenaren 1.000 euroko saria, “Klik bat baino gehiago” lanari esker. Epaimahaiak bereziki baloratu ditu spotaren kalitate tekniko handia eta gaur egungo sare sozialen testuinguruan mezuak duen egokitasuna. Publikoaren Saria, ostera, Ondarroako gazteek elkarlanean egindako “Zergatik ez?” bideoarentzat izan da, herritarren babes zabalari esker.


Sari banaketaren ostean, ekitaldira gerturatutako guztiek luntx batez gozatzeko aukera izan dute Arkupe kultur etxean, bizitako emozioak partekatuz eta datorren urteko ediziorako ideiak berotzen hasteko gogoz. Zorionak epaimahaiaren aitortza lortu duten guztiei, eta parte-hartzaile guztiei egindako lan bikainagatik!

EUSPOT 2026