“Gure Ferixia”: DBH 3ko ikasleek azoka antolatu dute LH 3koentzat

Almen eta Gaztelupe guneetako DBH 3. mailako ikasleek proiektu berezi batekin amaitu dute hiruhilekoa Gorputz Hezkuntzako arloan: “Gure Ferixia” azoka dinamikoa antolatu dute. Ikasle nagusiek hilabeteetako lana eta sormena jarri dute martxan ekitaldi hau antolatzeko, eta ahalegin horrek guztiak fruitu bikaina eman du LH 3. mailako ikasleak gonbidatu gisa hartu dituztenean. Azoka honen bidez, adin ezberdinetako ikasleen arteko zubiak eraiki dira, kirola eta aisialdia oinarri hartuta.
Bertan, txikienek punteria jolas ezberdinetan parte hartzeko aukera paregabea izan dute, euren trebetasuna eta zehaztasuna proban jarriz nagusiek prestatutako postu bakoitzean. Hala ere, kirol erronkak ez dira goizaren pizgarri bakarra izan, azokak zirkoaren magia ere hurbildu baitu ikastolara. DBH 3koek espektakulu ezberdinak eskaini dituzte, ikusleen begiradak eta txaloak bereganatuz, baina proiektu honen indargunea LHko ikasleak ikusle huts izatetik protagonista izatera igaro direnean iritsi da. Izan ere, erakustaldia amaitutakoan, gonbidatuek beraiek praktikara pasatzeko aukera izan dute nagusien laguntzarekin. Horrela, gune ezberdinetan banatuta, akrobaziak egiten, sokarekin jolasten eta diaboloaren manipulazioan trebatzen aritu dira, gorputz adierazpena eta mugimendua modu ludikoan landuz.
Azken finean, goiz gogoangarria izan da guztiontzat, eta bai ikasle nagusiek zein txikiek ikaragarri ondo pasatu dute elkarrekin jolasean eta ikasten.
Jarraian, Almen eta Gaztelupeko argazkiak:

2526 Gure ferixia GAZTELUPE
2526 Gure ferixia ALMEN