Guraso elkarrizketak
Naroa Barga (BATU egitasmoko profesionala)
Nola ulertzen ditugu guraso elkarrizketak BATUn?
Guraso-elkarrizketa familia, ikasle eta ikastolaren arteko elkarlana bideratu eta sendotzeko espazioa da guretzat; bertan, ikaslearen ongizatea eta garapena erdigunean jartzen ditugu. Ikaslea osotasunean ezagutzeko aukera ematen digute, haren garapen emozionala, soziala eta akademikoa aintzat hartuz. Elkarrizketa-prozesuan, ikaslea subjektu aktibo gisa kokatzen da: bere ikas-prozesuaren indarguneak, aurrerapenak eta zailtasunak partekatzen ditu, eta irakasleok haren beharrak identifikatzen saiatzen gara, egoerara egokitutako proposamenak planteatuz. Aldi berean, ikasleak bere ikas-prozesuaz kontzientzia hartzen du eta aurrera egiteko lagungarriak izan daitezkeen konpromisoak hartzen ditu.
Zein da guraso elkarrizketen helburua?
Guraso bileren helburua ikaslearen garapen pertsonal, sozial eta akademikoa modu integralean ezagutzea da. Bilera hauetan, ikaslearen egoera, behar eta erronkak partekatzen dira ikasle, familia eta irakaslearen artean. Ikastolako behaketak eta proposamenak familien ikuspegiarekin uztartzen dira, konpromisoak eta neurriak elkarrekin zehaztuz. Horrek ikaslearen autonomia, ikasteko ohiturak eta motibazioa aztertzea ahalbidetzen digu; era berean, zailtasunak eta indarguneak identifikatuz, neurriak garaiz adosteko aukera emanez. Betiere, ikaslearen ongizatea eta bere beharrak erdigunean jarriz.
Zergatik dira guraso elkarrizketak garrantzitsuak?
Guraso elkarrizketak ikasleari bere ibilbidean kokatzen laguntzen dio: bere ezaugarriak, gaitasunak eta mugak zeintzuk diren identifikatzen, baita aurrera egiteko eman ditzakeen pausuak argitzen ere. Prozesu horren bidez, ikasleak bere indarguneak baloratzen eta hobetu beharreko alderdiak modu eraikitzailean ulertzen ikasten ditu. Horregatik, guraso bilerak funtsezkoak dira autoestimua sendotzeko, autoezagutza modu osasuntsuan garatzeko eta ikasleari bere autoirudia modu orekatuan eta errealistan doitzen laguntzeko. Bide honetan, familia eta ikastolaren arteko elkarlana ezinbestekoa da; izan ere, norabide berean jarduten dugunean, ikaslearen segurtasun emozionala sendotzen da eta bere gaitasunetan sinetsi eta konfiantzaz aritzeko aukera ematen dio.