GARES 2025 (1. TXANDA)

Iepa!

Hau izango da aurtengo Gares 1. txandako egunerokoa. Hori dela eta, jarraian egunero egindakoaren laburpen txiki bat aurkituko duzue, irudi zein hitzez. Uztailaren 3tik 7ra bitarte iragarki hau elikatzen arituko gara, beraz, adi egon. Ikusi, irakurri eta gozatu, gu hemen primeran ibiliko gara eta!

UZTAILAK 3

Gaurko egunean hasieran eman diogu esperientzia berri honi. Batzuk lehenago, beste batzuk beranduago… baina azkenean guztiok batera autobusean bildu eta Gareserantz abiatu gara, bide erdian geldialdi txiki bat egin ostean, egun hauetan gure aterpetxea izango den honetara iritsi gara, Centro Puente!

Elkar ezagutu eta urduritasunak alde batera utzi ostean, aterpetxean egokitu gara. Horretarako, bertan nola jokatu behar dugun azaldu eta maletak logeletan utzi ditugu. Txukuntasuna bermatzen saiatu gara, arropa guztia armairuan zintzilikatuz eta guztion erosotasuna bermatuz. Gutxinaka etxe sentsazioa nabarmendu da gure artean.

Hori egindakoan, bidai hontan gure bidelagunak izango diren Haize ate Sua iratxoak ezagutu ditugu. Beraien amona Mari Terek taldeak egin dituela azalduko digu eta guztiok artean gure gidariak izango diren ilargiak sortu ditugu. Horrela, taldeka banatu eta talde izaera eraikitzeari ekin diogu. Horretarako, talde izena, oihua, bandera eta dantza sortu ditugu. Gainera, etxetik ekarritako kamiseta zuria tintatzeari ekin diogu. Zeinen talde politak! Gares koloreztatu dugu!

Eguzkia energia biziz aritu da gu berotzen arratsalde osoan zehar, hori dela eta, igerilekuan jolas ezberdinen bitartez gozatzeko aukera izan dugu. Baita elkar ezagutu eta gure arteko harremanak sendotzeko ere. Ostean, afaldu eta gaubelari hasiera eman diogu.

Protagonista izan ditugu arratsaldean ezagututako iratxoak, horiek gidatu baitute gaubela osoa. Arratsaldean egindako guztia aurkeztu diegu gainerako laguntxoei, gainera, hezitzaileek egun osoan zehar egindakoa antzeztu dute, baina ez pentsa era lasai eta ohiko batean e, barre eta barre aritu gara!

Eta… ai ene… ez dizuegu kontatu. Haize eta Sua larrituta daude, beraien amonak egindako artelan magikoa galdu egin da. Gure laguntza eske etorri dira. Eta… beraiekin luze hitz egin ostean, prest gaude laguntzeko!

Baina bueno, gaurkoz, amona Mari Terek idatzitako luma gorriaren ipuina entzun dugu. Honek dio ilargia zeruan pizten denean, zubian bizi diren iratxoak beraien lana egitera irtetzen direla: Gares herria zaintzea. Kale estuetan barrena ibiltzen dira, leiho itxi guztien atzetik begiratuz eta Gareseko herritarrak ondo dauden ikusiz. Gainera, herrian berriak diren horiei gauza zoragarri bat egiten die: pertsonen almoada gainean luma magiko bat uzten du.

Luma horiek oso bereziak dira. Iratxoek biltzen dituzte mendian barrena mendeetan zehar, amets onenak harrapatzen dituzten txorien lumak baitira. Eta luma hori almoada azpian sartzen denean… amets goxoak, kolore bizikoak, eta irribarrez beteak datoz. Ea zuek ere ohe gainean luma gorririk aurkitzen duzuen…

Eta horrekin batera, goxo-goxo lotara joan gara. Ondo lo in!

UZTAILAK 4

Kaixo kaixo Garesetik!

Gaurko egunean, eguzkiak “egun on” esan digu. Deskantsatu ostean, energia biziz eta egunari ekiteko gogoz esnatu gara. Gosaldu, prestatu eta txokoetan bildu gara hezitzaileekin gure ideiak, sentimenduak… partekatzeko.

Taldeka bilduta geundela, dagoeneko gure lagunak diren Sua eta Haize iratxoak agertu dira. Zeinen jatorrak diren!

Gaur, erronka berri bat proposatu digute: basoan zehar nabigatzeko taldeko iparrorratz eta kriseiluak sortzea. Lan eta lan aritu gara gure sormen guztia erabiliz tresna magiko berriak sortzeko. Hori egindakoan, herria ezagutzeko asmoz, hezitzaileek pista jolas bat prestatu digute. Koloreak, erronkak… danetarik izan dugu. Gainera, iratxoen amonak sortutako maparen lehen zatia aurkitu dugu! Zeinen goiz ederra pasatu dugun guztiok batera!

Bazkal ostean, logelak txukundu eta deskantsatu ostean, barrakoietan jolasten, marrazten, dantzatzen, pultserak egiten… ibili gara. Arratsaldean, beroaren aurka ur jolasetan aritu ostean, igerilekuaz gozatzeko aukera izan dugu. Zenbat barre egin dugun guztiok elkarrekin!

Ostean, goizean sortutako kriseiluen argiarekin, gaubela argitu eta soinu goxoekin batera, egunari amaiera eman diogu.

Gorantziak Garesetik, muxu erraldoi bat guztioi!

UZTAILAK 5

Kaixo familia! 

Dagoeneko faltan botatzen gaituzue? Gu gogotsu gaude zuekin elkartzeko, baina hemen primeran pasatzen ari gara!

Gaurko egunean ohetik irtetea gehiago kostatu zaigu, esan dezakegu gabean loak sakon hartu gaituela. Hortaz, musika lasaia jarri eta egunari hasiera goxoa eman diogu. 

Betiko gosaria jan eta gure lagun diren iratxoen bisitarekin bat goizeko ekintzari hasiera eman diogu. Gaurkoan, talde lana eta herriko ezagutza barneratu ditugula ziurtatzeko, bandera jolasa prestatu digute. Koloretako kamisetak jantzi eta talde bakoitzak bere bandera gorde duenean… prest egon gara jolasari ekiteko! Gareseko txoko ezberdinetan banderak gorde eta besteena lortzea geneukan helburu. Baina ez da lan erraza izan, bidean beste talde batzuekin topo egin eta buztanaren jolasean murgildu gara. Esan dezakegu jokoa zeharo disfrutatu dugula. Gareseko zenbait txoko berri ezagutu ditugu goiz bakar batean. 

Hori gutxi balitz, eguraldiak egun osoan zehar argitu gaitu eta espero ez genuen eguzki handi handia izan dugu gure gidari. Arratsaldean, laguntxoekin jolasten aritu ostean, iratxoen laguna den Donatello sukaldari italiarra etorri da gu laguntzera. Berarekin batera, etxeko pizza goxoa egiteko aukera izan dugu.

Pizza egiteko oinarria prest, tomatea bota, gaztarekin apaindu eta… labera! Ummmmm zeinen goxoa! Gainera, sukaldari lanak egiteaz gain, aterpetxeak duen igerilekuan freskatzeko aukera izan dugu. Gaur material gehigarriarekin eta guzti.

Ai ene… ez dizuegu kontatu. Ahaztu aurretik… gaur egunean zehar bi mapa zati aurkitu ditugu. Bandera jolasean zuhaitz gainean agertu da bat eta beste bat Donatellok ekarri digu. Zenbat poztu gaituen mapa osatzen ari garela ohartzeaz! Gaubelean Sua eta Haizeri kontatu diegunean, pozarren saltoka hasi dira. 

Besterik gabe, neka-neka lotara goaz, amets politak izan guztiok. Laster arte!

UZTAILAK 6

Kaixo guztioi!

Nekea nabari da udalekuetako azken egunetan. Horrela, ba, azken minutura arte koltxoian itsatsita geratu gara. 

Goizean, gosariarekin energia hartu ostean, iratxoekin hizketan aritu gara. Gaurkoan, herritik zehar egiteko argazki jolas bat prestatu digute. Helburua, beraiek proposatutako txoko desberdinetara joan eta horietan argazki originalak ateratzea izan da. Primeran aritu gara, zezen lasterketa egin, espiak bezala kaleak arakatu… eta iratxoen maparen azken zatia eskuratu dugu. Zeinen pozik egon garen!

Horren ostean tripa betetzeko momentua iritsi da, goxo-goxo bazkaldu, lokuluxka txiki bat egin eta goizean sortutako dantza ekoiztu dugu. Horretarako, Gareseko txoko berezienak aukeratu eta kolorez piztu ditugu. Gainera, zubi azpiko txokoaz gozatu eta jolas erraldoietakin momentuaz disfrutatzeko aukera izan dugu.

Denbora librea izan dugu gure lagunekin jolasteko. Afal orduan, iratxoak etorri dira eta.. hara! zelako sorpresa, amona Mari Tere ere agertu da eta bere eskuetan egun hauetan aurkitzea helburu izan dugun ilargia ere izan du. Ilargia berezia izan da, talde lanaren, errespetuaren, euskararen eta naturaren isla bilakatu da. Hori guztia ospatzeko, iratxoek festa handi bat ospatu digute.

Beraz, afal ostean, azken gaubelari ekin diogu, guztiok mozorrotu eta gogotsu jeitsi gara. Goazen azken gaba hau dantzaren bitartez gorputza mugitzera eta izerditan blai amaitzera. Amaiera hobeago bat? Ez dugu uste…

Besterik gabe, diskotekako ateak itxi, pijama jantzi eta Garesen azken gaba pasatzeko momentua heldu zaigu. Pena handia, baina era berean badakigu zuei ikusteko geroz eta gertuago gaudela. Etxekoak urduri ote zaudete? Joan preparatzen emango dizkiguzuen besarkada erraldoi guztiak! Gu ere desiatzen gaude eta. 

Bihar arte guztioi, muxu erraldoi bat eta deskantsatu!

UZTAILAK 7

Aupa familia!

Pena handiz, baina iritsi da udalekuetako azken eguna. Zer egingo dugu orain uda guztian zehar gure lagun, monitore, arduran eta aterpetxeko jende gabe… aspertu? Milaka momentu polit, ahaztezin eta paregabe bizi izan ditugu egun hauetan zehar, eta nahiz eta azken eguna izan gaurkoa, autobusa iritsi arte topera disfrutatzen ahaleginduko gara. 

Gareseko ohiko gosaria gozatu eta nahiz eta nekea nagusi den askorengan, indarrak hartzen saiatu gara maleta guztiak behar bezala egiteko. Momentu hauetan, monitoreen laguntza ezinbestekoa izan da, bestela, gure kabuz ez ginateke kapaz izango ekarritako guztia etxera bueltan eramateko, desastre txiki batzuk gara eta jeje. Ziur dena sartu dugula? Zalantzak ditugu… Agian azoka bat montatu beharko dugu galdutako guztiarekin. 

Eguraldi paregabea daukagu gure inguruan eta ondorioz igerilekura joan gara azken bainua hartzeko asmoz. Txurroekin, pelotekin, koltxonetekin…jolastu eta gustora egon gara uretan sartuta. Dexente izan dira uretatik urten nahi ez zutenak, hauek bai izurdeak.

Azkenean, denok igerilekutik irtetea lortu, bertatik material guztia hartu eta dutxatzeko une desiragarria heldu da. Ai amaaa, zer nolako plazerra txanpua buruan eta gorputzean sentitzea eta usain ona izatea. Desiatzen geunden garbi-garbi egoteko.

Dena maletetan sartu, behera jaitsi, lagunekin pixka bat jolastu eta azkeneko menura gose ikaragarriaz iritsi gara eta tripa makarroi, oilasko eta izozkiarekin bete dugu. Mmmmmmm, ñam ñam 

Azkenik, gure monitoreek aurtengo udalekutako kamiseta berriak eman dizkigute!! Iuuuuujuu, goazen hauek gainean jantzita taldeko zein elkarren arteko argazkiak ateratzea. Aurrera begira, bizi izandako momentuak gogorarazteko balioko dizkigute. 

Orain bai, autobusa iristear da, baina zentzu batean, nahiz eta zuei ikusteko izugarrizko gogo eta ilusioa izan, Gares uzteak pena handia ematen digu. Autobusera igotzear gaude eta segituan ikusiko dugu elkar. Joan prestatzen besarkada eta muxu guztiak!! Malkoren batek ihes egingo du…? Baliteke jiji. 

Plazerra izan da egunero egunero zuei gure berri ematea! Muxu handi bat denoi!