GARES 2024 – 2. TXANDA
Iepa!
Hau izango da aurtengo Gares 2. txandako egunerokoa. Hori dela eta, jarraian egunero egindakoaren laburpen txiki bat aurkituko duzue, bideo zein hitzez. Uztialaren 10etik 14ra bitarte iragarki hau elikatzen arituko gara, beraz, adi egon. Ikusi, irakurri eta gozatu, gu hemen primeran ibiliko gara eta!
UZTAILAK 10
Gaurko egunean hasieran eman diogu esperientzia berri honi. 13:00etan etxekoei agur esan eta Gareserantz abiatu gara autobusean, bide erdian geldialdi txiki bat egin ostean, egun hauetan gure aterpetxea izango den honetara iritsi gara, Centro Puente!
Elkar ezagutu eta urduritasunak alde batera utzi ostean, aterpetxean egokitu gara. Horretarako, bertan nola jokatu behar dugun azaldu eta maletan logeletan utzi ditugu. Txukuntasuna bermatzen saiatu gara, arropa guztia armairuan zintzilikatuz eta guztion erosotasuna bermatuz. Gutxinaka etxe sentsazioa nabarmendu da gure artean.
Hori egindakoan, taldeka banatu eta talde izaera eraikitzeari ekin diogu. Horretarako, talde izena, oihua, bandera eta dantza sortu ditugu. Gainera, etxetik ekarritako kamiseta zuria tintatzeari ekin diogu. Zeinen talde politak!
Eguzkia energia biziz aritu da gu berotzen arratsalde osoan zehar, hori dela eta, igerilekuan jolas ezberdinen bitartez gozatzeko aukera izan dugu. Baita elkar ezagutu eta gure arteko harremanak sendotzeko ere. Ostean, afaldu eta gaubelari hasiera eman diogu.
Protagonista izan ditugu Dok zientzialaria eta Fred mekanikoa. Etorkizunera bidaiatzea nahi dugu, baina denboraren makina hondatuta dagoela ohartu ostean, nahi gabe iraganera egin dugu salto. Lehen gizakian gaude, ai ene, zer da hau!
Gutxinaka egunaren amaiera iritsi da, erlaxatzeko ariketa egin eta goxo-goxo lotara joan gara. Ondo lo in, bihar arte!
UZTAILAK 11
Kaixo Garesetik!
Gaurko egunean, eguzkiak “egun on” esan digu eta bideoan entzun dezakezuen abestiarekin hasi dugu eguna. Deskantsatu ostean, energia biziz eta egunari ekiteko gogoz esnatu gara. Gosaldu, prestatu eta txokoetan bildu gara hezitzaileekin gure ideiak, sentimenduak… partekatzeko.
Taldeka bilduta geundela, atzo gabean ezagutu genituen lehen gizakien bisita izan dugu. Bi hauek Mamutaren hezurra aurkitzeko eta horren bitartez denboraren makina konpontzeko, herrian zehar animali ezberdinak aurkitzea proposatu digute. Animalia bakoitza aurkitzearekin bat hitz sekretu bat lortu dugu. Horiek guztiak elkartu eta… mamutaren hezurra aurkitzeko pista osatu dugu!
Orain, hezurra dugula, denboraren makina konpontzea lortuko dugu? Espero dugu baietz. Dena den, zeinen goiz ederra pasatu dugun guztiok batera!
Bazkal ostean, logelak txukundu eta deskantsatu ostean, barrakoietan jolasten, marrazten, dantzatzen, pultserak egiten… ibili gara. Arratsaldean, beroaren aurka jolas erraldoiak antolatu ditugu igerilekuan. Zenbat barre egin dugun guztiok elkarrekin!
Indarrak batu eta gero, aterpetxe ondoan dagoen eskolara joan gara talde handiko zenbait jolas egiteko. Gainera, parkeaz gozatzeko aukera izan dugu denbora librean bertan dauden instalakuntzetan jolastuz.
Dagoeneko afaldu dugu, tripa beteta egunean zehar prestatu ditugun zenbait dantza amaitzen ari gara. Laster gaubela hasiko da, zer gertatuko da gaurkoan? Lortuko dugu etorkizunera salto egitea? Bihar kontatuko dizuegu zer gertatu den.
Gorantziak Garesetik, muxu erraldoi bat guztioi!
UZTAILAK 12
Iepa familia!
Dagoeneko faltan botatzen gaituzue? Gu gogotsu gaude zuekin elkartzeko, baina hemen primeran pasatzen ari gara!
Gaurko egunean ohetik irtetea gehiago kostatu zaigu, esan dezakegu gabean loak sakon hartu gaituela. Hortaz, musika lasaia jarri eta egunari hasiera goxoa eman diogu.
Betiko gosaria jan eta zaldunen bisitarekin bat goizeko ekintzari hasiera eman diogu. Nahiz eta atzo mamutaren adarrarekin denboraren makina konpontzen saiatu, ez dugu gure helburua betetzea lortu. Denboran aurrera egitea lortu dugu, baina ez etorkizunera, baizik eta, erdi arora. Hori dela eta, denboraren makina konponduko duen zilarrezko ezpata eskuratzeko, zaldunek proba ezberdin batzuk egitea proposatu dizkigute, goiz zein arratsaldean.
Goizean, herrira abiatu eta bandera jolasa erraldoia egin dugu. Gareseko txoko ezberdinetan banderak gorde eta besteena lortzea geneukan helburu. Baina ez da lan erraza izan, bidean beste talde batzuekin topo egin eta buztanaren jolasean murgildu gara. Esan dezakegu jokoa zeharo disfrutatu dugula.
Gutxinaka goizeko lainoak desagertzen hasi dira eta aterpetxera itzuli garenean, igerilekuan bainatzeko aukera izan dugu. Ostean, bazkaldu, tripa bete eta deskantsatzeko asmoz, barrakoietan antolatu ditugun txoko ezberdinetan jolasten aritu gara. Baina ez hori bakarrik, igerilekuan egoteko eta merienda jateko aukera ere izan dugu.
Arratsaldean, zaldunak berriz ere gerturatu dira. Goizean lortutako bandera eta buztanen zenbaketa egin ostean, guztiok elkarrekin lan bikaina egin dugula azaldu digute eta gainera, azken proba azaltzen duen pergaminoa oparitu digute, baita herriko zenbait argazki ere. Argazki ginkanaren bitartez, herriko puntu ezberdinetan gure alde artistikoa atera eta eskatutakoa behar bezala burutu dugu. Eta azkenean… zaldunen ezpata lortu dugu!
Tripa bete ostean, gaubelari ekin diogu. Gaurkoan Dok eta Antxon denboraren makina ezpataren laguntzarekin konpontzen saiatu dira, baina ezinezkoa izan da. Etorkizun urrun batera bidaiatu dugu… ai ene. Eskerrak estralurtarrek denboran atzera egiteko gaitasuna daukaten, horri esker saritua izango den loteria zenbakia zein den jakiteko aukera izan dugu. Azkenean!
Orain loteria erostea falta zaigu, baina hori, biharko lana izango da. Ea loteroa herriko kaleetan aurkitzen dugun.
Besterik gabe, neka-neka lotara goaz, amets politak izan guztiok. Laster arte!
UZTAILAK 13
Kaixo guztioi!
Nekea nabari da udalekuetako azken egunetan. Horrela, ba, azken minutura arte koltxoian itsatsita geratu gara.
Gaurkoan ez dugu inorren bisitarik izan, hain zuzen ere, behin zenbaki saritua jakinda, gure lana izango delako herrira joan eta loteroari loteria erostea, baina horren aurretik aterpetxean ur jolasak egin ditugu, beroari aurre egiteko asmoarekin. Lainoak nagusi zirenez, ez du uste genuen bezalako berorik egin, eta beraz, bainu jantziak aldatu eta jolas batzuk egin ditugu.
Horren ondoren, iritsi da loteroa aurkitzeko momentua. Esan beharra daukagu errax aurkitu dugula, azkenean guk nahi genuen zenbaki lotea aurkitu dugu. Orain, zozketa ordura arte itxarotea tokatzen zaigu. Aiiiii, zelako urduritasunak!! Zer egingo dugu hainbeste dirurekin? Hawaiera joan, adibidez? Tokatuz gero pentsatuko dugu.
Horren ostean tripa betetzeko momentua iritsi da, goxo – goxo bazkaldu eta azkenean iritsi da irratia entzuteko momentua, loteria zenbaki saritua entzuteko asmoz. Tentsio eta urduritasun handiko minutuak izan dira, baina badakizue zer? LOTERIA SARIA IRABAZI DUGULAAA! ORAINDIKAN EZ DUGU SINISTEN! Amets baten gaudela dirudi…BAINA EZ!
Gertatukoaren aurrean, arduradunak saria kobratzera joan dira eta gu ordea barrakoietan zein igerilekuan egon gara. Arduradunak Dok eta Antton mekanikoarekin egon dira eta beraiei laguntzea eskertzeko irabazitako diruaren zati bat eman digute eta merendola baterako erabiltzea adostu dugu. Jumpers, gominolak, pasteltxoak…denetik. Beste diru guztiarekin pentsatuko dugu aurrerago zer egin, momentuz merendolaz gozatu dezagun jijiji.
Denbora librea izan dugu gure lagunekin jolasteko eta afal ostean, azken gaubelari ekin diogu, guztiok mozorrotu eta gogotsu jeitsi gara. Bertan monitore zein haurrek dantza eta antzerki batzuk prestatuta zutelako hauek egin dituzte. Gainera, gure monitoreek disko festa bat antolatu digute, yuuujuu! Goazen azken gaba hau dantzaren bitartez gorputza mugitzera eta izerditan blai amaitzera. Amaiera hobeago bat? Ez dugu uste…
Besterik gabe, diskotekako ateak itxi, pijama jantzi eta Garesen azken gaba pasatzeko momentua heldu zaigu. Pena handia, baina era berean badakigu zuei ikusteko geroz eta gertuago gaudela. Urduri aitatxo, amatxo eta anai-arrebak? Joan preparatzen emango dizkiguzuen besarkada erraldoi guztiak!! Gu ere desiatzen gaude eta.
Bihar arte guztioi, muxu erraldoi bat eta deskantsatu!
UZTAILAK 14
Aupa familia!
Pena handiz, baina iritsi da udalekuetako azken eguna. Zer egingo dugu orain uda guztian zehar gure lagun, monitore, arduran eta aterpetxeko jende gabe… aspertu? Milaka momentu polit, ahaztezin eta paregabe bizi izan ditugu egun hauetan zehar, eta nahiz eta azken eguna izan gaurkoa, autobusa iritsi arte topera disfrutatzen ahaleginduko gara.
Gareseko ohiko gosaria gozatu eta nahiz eta nekea nagusi den askorengan, indarrak hartzen saiatu gara maleta guztiak behar bezala egiteko. Momentu hauetan, monitoreen laguntza ezinbestekoa izan da, bestela, gure kabuz ez ginateke kapaz izango ekarritako guztia etxera bueltan eramateko, desastre txiki batzuk gara eta jeje. Ziur dena sartu dugula? Zalantzak ditugu… Agian azoka bat montatu beharko dugu galdutako guztiarekin.
Eguraldi paregabea daukagu gure inguruan eta ondorioz igerilekura joan gara azken bainua hartzeko asmoz. Txurroekin, pelotekin, koltxonetekin…jolastu eta gustora egon gara uretan sartuta. Dexente izan dira uretatik urten nahi ez zutenak, hauek bai izurdeak.
Azkenean, denok igerilekutik irtetea lortu, bertatik material guztia hartu eta dutxatzeko une desiragarria heldu da. Ai amaaa, zer nolako plazerra txanpua buruan eta gorputzean sentitzea eta usain ona izatea. Desiatzen geunden garbi-garbi egoteko.
Dena maletetan sartu, behera jaitsi, lagunekin pixka bat jolastu eta azkeneko menura gose ikaragarriaz iritsi gara eta tripa makarroi, oilasko eta izozkiarekin bete dugu. Mmmmmmm, ñam ñam
Azkenik, gure monitoreek aurtengo udalekutako kamiseta berriak eman dizkigute!! Iuuuuujuu, goazen hauek gainean jantzita taldeko zein elkarren arteko argazkiak ateratzea. Aurrera begira, bizi izandako momentuak gogorarazteko balioko dizkigute.
Orain bai, autobusa iristear da, baina zentzu batean, nahiz eta zuei ikusteko izugarrizko gogo eta ilusioa izan, Gares uzteak pena handia ematen digu. Autobusera igotzear gaude eta segituan ikusiko dugu elkar. Joan prestatzen besarkada eta muxu guztiak!! Malkoren batek ihes egingo du…? Baliteke jiji.
Plazerra izan da egunero egunero zuei gure berri ematea! Muxu handi bat denoi!