Garapen Pertsonala lantzeko talde motorra eratu dugu Ikastolan

Gure ametsa lurreratzen jarraitzeko bidean, irmo jarraitzen dugu lanean gure Ikastolan. “Gero eta ziurtasun gutxiago eskaintzen digun mundu honetan barne-sendotasuna izango duten pertsonak garatzen lagundu nahiko genuke ondorengo urteetan; gure gazteei, ikastolatik irteten direnean, bizi diren inguruan bizi direla ere, eragile aktibo izateko gogoa piztu diegula senti dezaten amesten dugu. Eta ikastolan egindako ibilbidean, ingurua eraldatzeko esperientzia txikiak edo ez hain txikiak bizitzeko aukera izan dutela konta dezaten amesten dugu”. “Euren bokazioarekin konektatuta bizi diren irakaslez osatutako ikastola amesten dugu. Barne-lanketa egiten duten irakaslez osatutako ikastola, hezitzaile izaeratik lan egiten duten irakaslez osatutako ikastola. Ikasle bakoitzarengan begirada humanoagoa eta eraldatzaileagoa eragiteko gaitasuna eta konpromisoa duten hezitzailez, arrastoa uzten duten hezitzailez osatuta”. Hori diote “Ametsak betetzeko daudelako!” liburuko 19-20. orrialdeko bi pasartek. Eta ildo honetan urratsak ematen jarraitzeko beharretik abiatuta, Garapen Pertsonala lantzeko talde motorra eratu da gure Ikastolan.

Talde honen egitekoa GPS (Garapen Pertsonalerako Saioak) ikasgeletara eramatea eta barne sendotasuna (hain arrotza den pertsona ereduaren bereizgarria) ikastolan lurreratzea izango da, besteak beste. Egitasmo eta gune ezberdinetako profesionalek osatzen duten talde anitza da, eta helburu amankomun baten alde egingo du lan. Bada, taldea sortu eta oinarri sendo bat eratzeko helburuarekin, Eginon egin dute 4 egunetako egonaldia, Arantzazu Loidi hezitzailearen eskutik, PRH (Nortasuna eta giza harremanak) metodologian oinarritutako formazio sakona jasoz.

Esperientzia oso aberasgarria izan dela kontatu digute. Lan sendoa egin dutela, eta oso konprometituta etorri direla beraien egitekoarekin.

Nekez eraman ahal izango dugulako inor, gu iritsi ez garen lekura.