Fronte Polisarioko ordezkari berria Ikastolara dator Lanbide Heziketakoen Birziklanet proiektua ezagutzera

Saharar herriarentzat oihartzun handiko proiektua izaten ari da Birziklanet: honi esker, informatika Lehen Hezkuntzan sartzea eta irakasleen formazioa abian jartzea lortu da.

Bihar, apirilak 29, Fronte Polisarioko ordezkari berriak Ferixaleku gunea bisitatuko du. Bisita honen helburu nagusia Birziklanet proiektua gertutik ezagutzea eta saharar errefuxiatuen kanpamentuetan hezkuntza digitala sustatzeko ematen ari den laguntza aztertzea da.

Birziklanet proiektua funtsezko zutabe bihurtu da saharar herriarentzat. Ekimen honi esker, material informatikoa hara bidaltzeaz gain, mugarri garrantzitsu bat lortu da: informatika irakasgaia Lehen Hezkuntzan txertatzea. Gaur egun, prozesu hori sendotzeko, irakasleak formazio espezifikoa jasotzen ari dira tresna horiek ikasgeletan erabili ahal izateko. Iaz 108 ordenagailu eta 15 inpresora prestatu zituzten Mikroinformatika zikloko ikasleek Saharar kanpamenduetara bidaltzeko.

Lan bilera eta instalazioen bisita 

Goizeko 10:00etan hasiko da jardunaldia Ferixaleku gunean. Bertan, lan bilera bat egingo dute Fronte Polisarioko ordezkariak, Salehek (Saharaldebako ordezkaria), Gaizka Erañak (Birziklanet proiektuaren arduraduna) eta Beñat Irazabalek (Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketako zuzendaria). Bileran proiektuaren jarraipena egingo dute, orain arteko lorpenak aztertuko dituzte eta etorkizuneko helburuak finkatuko dituzte.

Ondoren, ordezkariak Birziklanet proiektua gauzatzen den gela ezagutuko du, ikasleek ordenagailuak berreskuratzeko eta software librez hornitzeko egiten duten lana zuzenean ikusteko.