FLL 2026: First Lego League txapelketan egon gara Arizmendi-Ikerlaneko 4 talde
Larunbatean, otsailaren 28an, 500 haur eta gazte inguruk Euskadi mailako FLL txapelketan parte hartu zuten Arrasateko Iturripeko Mondragon Unibertsitateko pabiloietan. Arrasaten jokatu den zazpigarren aldia izan da eta Mondragon Unibertsitateak sekula baino parte-hartzaile gehiago hartu ditu, 800 bat gazte guztira, eta horietatik 500 bat Arrasateko campusean. Izan ere, Mondragon Unibertsitateak bi egoitza izan ditu: Arrasatekoaz gain, lehen aldiz, Bilboko Bilbao AS FABRIK campusa. Euskadi mailan, Gasteizen eta Donostian ere aurrera eraman da txapelketa.
Aurtengo edizioa ‘UNEARTHED’ tematikaren inguruan garatu da, arkeologiarekin eta iraganeko aurkikuntzekin lotutako erronkei irtenbide berritzaileak bilatzea helburu hartuta. Txapelketaren barruan, bi atal nabarmentzen dira: alde batetik, berrikuntza-proiektua garatzea, eta, bestetik, robotarekin misio desberdinak egitea.
Aurten ere, Arizmendi-Ikerlaneko lau talde aritu gara: Almeneko bi talde eta Gaztelupeko beste bi. Ikasleentzat esperientzia polita izan da; bizitako eguna eta esperientzia bera positiboki baloratzen dituzte, baita aurretik bidean egindako lana ere. Gainera, Arizmendi-Ikerlan 3 taldeak Robotaren Diseinuaren 2. saria lortu du. Bestalde, Maite Elkoro De Tena irakasleari entrenatzaile onenaren saria ere eman diote.
Zorionak sarituei eta baita parte-hartzaile guztioi ere! Eta, nola ez, haiekin lanean aritu diren irakasleei eta Ikerlaneko profesionalei! Lan, elkarlan eta borondate askoren emaitza izaten baitira horrelako sariak.
Hemen goienako argazkiak eta bideoa.
Jarraian gure argazkiak:
