Ferixalekuko ikasleek ekonomia zirkularra eta gizarte-ekintzailetza ezagutu dituzte Traperos de Emausen
Ferixaleku guneko Mikroinformatika eta Osasun Larrialdietako Lanbide Heziketako ikasleak Berriozarren (Nafarroa) izan dira egunotan, Traperos de Emaus gizarte-fundazioaren egoitza nagusia bisitatzen. Ekintzailetasunari lotutako dirulaguntza bati esker antolatutako irteera honen helburua ekonomia zirkularraren eta gizarteratze-proiektuen funtzionamendua bertatik bertara ezagutzea izan da.
Ordu eta erdiko bisitan zehar, ikasleek fundazioak egiten duen lana ezagutu zuten. Traperos de Emausek era guztietako materialak berreskuratzen ditu: arropa, altzariak, etxetresna elektrikoak… Biltegi handi batean material guztia jaso eta arreta handiz sailkatzen dute, salduko duten guztia egoera onean dagoela bermatzeko.
Azalpenetan, hondakinei bigarren bizitza bat emateko prozesu osoa erakutsi zieten ikasleei: nola sailkatzen duten materiala eta nola prestatzen duten ondoren Berriozarren bertan edo Nafarroako hainbat dendatan saltzeko. Produktu hauek prezio eskuragarrietan jartzen dituzte, edonorentzat eskuragarri egon daitezen, kontsumo arduratsua sustatuz.
Emausko proiektua, ordea, birziklapenetik haratago doa. Ikasleek ikasi ahal izan zuten fundazioko langileak egoera zaurgarrian dauden pertsonak direla. Horrela, egitasmoak ingurumena zaintzeaz gain, lan-munduratzea eta babes soziala ditu helburu nagusi, ekintzailetza sozialaren adibide argia bihurtuz.
Behin bisita amaituta, eta 13:00etako autobusa hartu aurretik, ikasleek eta irakasleek tarte bat izan zuten Iruñeko alde zaharrean buelta bat eman eta elkarrekin goizaz gozatzeko. Irteera aberasgarria izan da, zalantzarik gabe, ikasgelan landutako kontzeptuak errealitatera nola ekartzen diren ikusteko.