Familiarizazioa ERDU egitasmoan

Lur Gurrutxaga Balanzategi (ERDU Berrikuntza Pedagogikoaren arduraduna)

Arizmendi Ikastolan, Ikastolako Hezkuntza Marko Orokorraren eta Pertsona Ereduaren bidetik, haurraren eta familiaren harrera- zein egokitze-prozesua zaintzen duen Familiarizazioan murgildu gara ikasturte hasieran. Etapa berrien hasieran segurtasuna, goxotasuna eta konfiantza oinarri hartuta, trantsizioak modu errespetuzkoan bideratzea da gure helburua. Honako hiru galdera hauetan laburbildu ditu Lur Gurrutxagak prozesu honen gako nagusiak:

Zer da familiarizazioa?

Haurraren, familiaren eta hezitzailearen arteko prozesu bateratu bat da, non denek elkar ezagutzen duten eta elkarrekiko konfiantza eraikitzen duten. Bertan familiak, hezitzaileak eta haurrak egiten dute bidea, guztientzako da prozesu bat eta hirurak dira ezinbestekoak, haurra protagonista den arren. Garai honetan, haurra lotura afektiboak familiakoekin bakarrik izatetik hezitzailearekin ere izatera pasatzen da. Ikastolan aurrez prozesua diseinatu eta horretarako beharrezko elementuak martxan jartzen dira, asko zaintzen dugu momentu hau, familia eta haurra eroso sentitu daitezen. Horretaz gain, garrantzitsua da prozesu hau denbora tarte konkretu batean ematen ez dela ulertzea, ibilbidea guztiz pertsonalizatua da, haur eta familia bakoitzak bere erritmoa du. 

Zein da familiarizazio prozesuaren helburua? 

Familiarizazioaren helburu nagusia, haurrak hezitzailearekin lotura segurua eraikitzea da. Horretarako, umea ondo sentitu behar da, seguru eta eroso baldin badago bere jakin-mina piztuko da eta horrekin batera esploratzeko nahia sortuko zaio. Momentu honetan, familiarengandik errazago aldenduko da eta hezitzailearekin konfiantzazko harremana sortzen hasteko momentua izango da. Orduan, tarte txikietan lehenengo eta luzeagoetan ondoren, familiarengandik banatzeko prest egongo da. Denbora tarteen luzatzea eta sekuentziazioa familia eta hezitzaileen artean adostuko da, beraz oso garrantzitsua izango da bien arteko komunikazioa.

Zergatik da hain garrantzitsua prozesua ondo egitea?

Azken finean prozesu hau ondo egiteak oinarri seguru bat finkatzeko aukera ematen digu. Hori horrela, haurra seguru eta eroso sentituko da hezitzailearekin dagoen tarteetan eta ikastolako espazioetan. Ondorioz, bere garapenerako ezinbestekoa den esploraziorako sena piztuko zaio, ikaskuntza prozesuan ezinbesteko baldintza izanik eta beraz, bere garapen osasuntsuan aurrera eginez. Bestalde, familia eta hezitzaileen artean konfiantzazko harremana sortzeko momentu paregabea da, zuzen-zuzeneko harremana izango dute egunerokotasunean eta elkar ezagutzeko aukerako prozesu bat delarik.