Euskal Herriko Ikastolen 30. Jardunaldi Pedagogikoetan parte hartu dugu
Joan den astean, azaroaren 18an, Donostiako Kursaal aretoan ospatu ziren Euskal Herriko Ikastolen 30. Jardunaldi Pedagogikoak. Euskal Herri osoko 600 hezkuntza-profesional inguru batu ziren bertan, eta Arizmendi Ikastolako 11 kide ere izan ziren jardunaldian parte hartzen: zuzendaritzako, Bazarako eta foro pedagogikoko ordezkariak, hain zuzen ere.
Euskararen murgiltze-eredua birdiseinatzea izan zen topaketaren ardatz nagusia. Ikastolek argi utzi zuten gaur egungo testuinguru soziodemografikoan eta digitalean ez dela nahikoa euskaraz irakastea; hiztun aktiboak heztea da helburua, euskara bizi, gozatu eta transmititzeko gai diren pertsonak sortuz. Horretarako, hezkuntza formalaren mugak gainditu eta hezkuntza ez-formalarekin, familiekin, aisialdiko eragileekin eta erakunde publikoekin zubiak eraikitzeko beharra nabarmendu zuten.
Prozesu hau Euskal Herri osoko aditu eta eragileekin elkarlanean egingo dutela iragarri zuten jardunaldian, eta, horrekin batera, besteak beste Kike Amonarriz soziolinguistaren, Anna Forés neurohezkuntzako adituaren eta Vicent Climent-Ferrando ikertzailearen ekarpenak entzuteko aukera izan zuten bertaratutakoek.
Jardunaldiaren inguruko kronika zabalagoak irakur ditzakezue Berria eta Naiz hedabideetan argitaratutako albisteetan:
Euskal Herriko Ikastolek euskararen murgiltze eredua birdiseinatuko dute (Berria)
Ikastolak euskalduntze estrategia birdiseinatzera doaz, aditu eta eragileekin elkarlanean (Naiz)