Eskoriatzako 28. Ferixarako dena prest daukagu!

Datorren zapatuan, ekainaren 6an, Eskoriatzako herriko plazak eta txokoek urteroko festa giro berezia hartuko dute. Aurten ere, ilusio handiz, Eskoriatzako 28. Ferixie antolatu dugu Arizmendi Ikastolatik, eta gure komunitateko kideak zein herritar guztiak gurekin batera ospatzera gonbidatu nahi ditugu.

Eskualdeko eta kanpoko 80 bat postulari elkartuko ditugu goizeko 10:00etatik aurrera; plaza inguruan ibiltzen zaretenok baserriko elikagaiak, artisau lan bikainak eta hainbat elkarteren postuak ikusi eta erosi ahal izango dituzue. Aurtengo edizioko berrikuntza nagusia artilearen prozesuaren erakustaldi parte-hartzailea izango da; goiz osoan zehar Jose Arana gunearen parean egongo da, prozesu hau bertatik bertara ezagutu eta probatu nahi duenarentzat.

Goiz osorako egitarau oparoa

Egunari goizeko 9:00etan emango diogu hasiera, etxaflero jaurtiketarekin eta txistularien kalejira alaiari esker herria girotuz. 10:00etan, postuen irekierarekin batera, adin guztietako herritarrentzako ekintzak jarriko ditugu martxan: urteroko txorimalo lehiaketa, haur eta gazteentzako puzgarriak eta Gorosarri dantza taldeko kideen saio dotorea.

Komunitatearen indarra eta gastronomia goizean zehar

Sinisten dugu gure Ikastola denon artean egiten dugula, eta ferixa honen antolakuntza eta funtzionamendua gure komunitate osoaren auzolanaren erakusgarri argia da. Familiak, ikasleak zein profesionalak buru-belarri gabiltza lanean eguna borobila izan dadin.

Elkarlan horren emaitza zuzenean dastatu ahal izango duzue goizean zehar: Eskoriatzako talogileen laguntzarekin, gure familiak eta langileak indarrak batuta arituko dira taloak bertan prestatu eta banatzen. Talo postua eta taberna goizean zehar egongo dira zabalik, beraz, ez galdu aukera indarrak berritzeko!

Sari banaketa eta “Zuk ekarri, zuk jan!” herri bazkaria

Bazkal aurretik, Jose Arana gunean, ferixako postu onenaren eta txorimalo lehiaketako sariak banatuko ditugu, eta jarraian urteroko errifen zozketa zirraragarria egingo dugu.

Ondoren, 15:00etan, herriko plazan elkartuko gara “Zuk ekarri, zuk jan!” herri bazkarian. Dakizuen bezala, bakoitzak bere etxetik eraman beharko du jatekoa, baina gurekin eseri eta mahaia edukitzeko, ezinbestekoa da izen-emate formularioa aurretik betetzea (izena emateko azken eguna bihar, ekainak 3, izango da).

Festa giroari amaiera borobila emateko, arratsaldean ez da umorerik faltako: txapel jaurtiketa txapelketa ospatuko dugu, Larrain dantza herrikoia dantzatuko dugu eta, amaitzeko, Emeki taldearen erromeriak girotuko du plaza.

Jantzi Ikastolako kamiseta eta etorri zapatuan Eskoriatzako Ferixiaz gozatzera!