Eskaintza berrituarekin eta “Birziklanet” ekimenarekin parte hartu dugu Lanbide Heziketaren GOIAZ! azokan
Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziak antolatuta, Arrasateko Kulturate eraikinak GOIAZ! Lanbide Heziketako azokaren 18. edizioa hartu du aste honetan. Eskualdeko beste ikastetxeekin batera, Arizmendi Ikastola bertan izan da, etorkizuneko ikasleei eta herritarrei gure hezkuntza-proiektua eta datorren ikasturterako prestatu dugun eskaintza zabala aurkezten. Azoka hau leiho paregabea da ikasleentzat; izan ere, euren ibilbide profesionala erabakitzeko garaian, informazio zuzena eta hurbila jaso dezakete.
Aurten, ohiko zikloez gain, berritasun nabarmenak aurkeztu ditugu Arizmendi Ikastolak eskaintzan:
- Oinarrizko Lanbide Heziketan: Informatika eta Komunikazioetako oinarrizko profesional titulua.
- C Gradua: “Mendekotasun-egoeran dauden pertsonen autonomia sustatzea eta hezkuntzako esku-hartzea”.
Lanbide Heziketa integrala eta anitza
Arizmendiko erakustokira gerturatu direnek gure ohiko zikloen berri ere jaso ahal izan dute, arlo desberdinetan banatuta:
- Osasungintza eta Informatika (Erdi Mailakoak): Osasun Larrialdiak, Erizaintzako Zaintza Osagarriak eta Mikroinformatika Sistemak eta Sareak.
- Kirola (Goi Mailakoa): Gizarte eta Kirol Animazioaren Irakaskuntza (GIKAI).
- Oinarrizko LH eta Programak: Sukaldaritza, Eraikuntzen Mantenua eta Eskolatze Osagarriko Programa.
Heziketa zikloez gain, “Elkarrekin Lanean” egitasmoaren baitan eskainiko dugun eraikuntzako ikastaroan, lanbide-ziurtagiri hau lortzeko aukera egongo da gure Lanbide Heziketako eskaintzan: Etxebizitzen mantenua eta eraikuntza. Ikastaro hau zaurgarritasun egoeran eta langabezian dauden pertsonei zuzenduta dago. Ikastaroaren xehetasunak esteka honetan kontsulta ditzakezue, eta izena emateko, berriz, lotura hau erabili.
Birziklanetek bere txokoa izan du
Aurten, gure Lanbide Heziketak txoko berezi bat izan du azokan: Birziklanet. Mikroinformatika zikloko ikasle eta irakasle taldeak bultzatutako ekimena da hau, eta azokara hurbildu direnek bertatik bertara ezagutu ahal izan dute. Proiektu honen bidez, birziklapena, elkartasuna eta ekonomia zirkularra sustatzen dituzte ikasleek, gailu informatikoak berreskuratuz eta sareak eraikiz. Ekimen honek agerian uzten du gure Lanbide Heziketak elkartasunarekin eta jasangarritasunarekin duen lotura estua.
Gure ikastolako ikasleak ere azokan, bisitan
DBH4 ikasturtean gure ikasleak etorkizunari buruzko erabakiak hartzen hasi behar izaten direnez, GOIAZ azoka aprobetxatzen dugu orientazio profesionaleko programaren baitan, bailarako eskaintzaren berri jasotzeko.
Hemen irudiak:
Eskerrik asko gure eskaintza ezagutzera gerturatu zareten guztioi!
Jarraian, Mondraberri.eus eta Goiena.eus-en argitaratutako albisteak

