Elena Errasti Garaitonandia lankide ohia zendu da

Elena Errasti Arizmendi Ikastolaren sorreran pertsona esanguratsua izan zen. Leintz Bailarako ikastolok osatu dugun Arizmendi Ikastolaren sorreran paper aktiboa eta konprometitua izan du beti Elenak, zailtasunak-zailtasun aurrera egiteko indarra izan du. Hartutako konpromisoak betetzen zituen pertsona zen bera.

Arizmendi Ikastola bakar bezala martxan jarri zenetik, 2003/2004 ikasturtetik, Bigarren Hezkuntzako zuzendaritzan ardura ezberdinak izan ditu bertan.  Konfiantzaren Pedagogiaren filosofia erabat bizi zuen pertsona zen Elena. Izan ere 2022/2023 ikasturtean zuzendaritza ardurak utzi zituenean, jardun osoz ikasleekin hezitzaile-irakasle egitekoaz disfrutatzeko aukera eman zion bere buruari. Hala amaitu zuen bere ibilbide profesional oparoa.

Elenak Magisteritza ikasi zuen Irakasle Eskolan. Hezitzailea, irakasle bokazioaduna, euskalzalea. Beranduago, Euskal Filologia egin zuen, euskararekiko zuen ardura eta zaletasuna asetzeko. San Frantzisko Xabier Ikastolan hasi zuen bere ibilbidea 1983-1984 ikasturtean, non ardura ezberdinak hartu zituen beregain; Pedagogia arduraduna eta ikasketa burua izan zen, besteak beste, eta 1998-1999 ikasturtean Zuzendari Nagusi kargua hartu zuen beregain. 

Zer esanik ez, lagun izan garenontzako, konfiantzazko pertsona, lankide ona, arduratsua, aurrera egitekoa, sen on handikoa; laguna. 

Goian bego, Elena.