Eduki pornografikoa duten nerabeen Whatsapp taldeen harira, herri eragileak neurri prebentibo eta hezitzaileak ezartzeko elkartu dira

Azaro amaieran eman baziren ezagutzera Donostiako eduki pornografikodun whatsapp taldeak, abendu hasieran ezagutu da horietako kasu bat Arrasaten. Ikastetxe bateko hezitzaile batek atzeman zuen eta, protokoloari jarraikiz, udaltzaingo eta ertzaintzarekin harremanetan jarri zen ikastetxea .

Modu honetan hasi zen lehen hartu-emana Arrasateko Udala, herriko gainontzeko ikastetxe, hezkuntza eragile eta guraso talde edo eta sareen artean. Maider Morras alkatearen esanetan, “neurri prebentibo eta hezitzaileak ezartzeko asmoa agertu genuen eragile guztiok, eta horren ondorio da gaurko agerraldia; garrantzitsua baita denok norabide berean lan egitea”.

Abiapuntu bezala jarri dute agerraldi informatibo hau, arazo honen berri eman, eta, Gabonak gertu daudela, “hainbat aholku herritarrekin partekatzeko”. Izan ere, “Adin txikikoei mugikorra bezalako tresna baten erabilpena ahalbidetzea hautu pribatu, pertsonal eta librea bada ere, hautu horrek, ezinbestez, gaur egun, erabilera arduratsu baten heziketa prozesu bat ere inplizituki badakarrela esan beharrik ez dago, bai gurasoen aldetik, bai komunitate beretik. Eta nola ez, helduok eredu izan behar gara mugikorren erabilera horretan. ” adierazi du Jasone Giraldo Ongizate eta Hezkuntza zinegotziak.

Prebentzio neurriak “zaintza komunitarioaren” barruan kokatu ditu alkateak, “Betebehar hauek guztion inplikazio eta konpromisoa eskatzen dutelako”. Gaineratu du Gabonetan mugikorren erabilera “kontrolik gabe” hazten dela, eta erabilera egokia egiteko asmoz, honako prebentzio neurri hauek proposatu dituzte:

  • Egun hauek baliatu seme-alabekin komunikazioa hobetu eta honetan sakontzeko. Gurasoen bitartekaritza ezinbestekoa da, konfiantzazko harreman eta sareak sortuz lortuko dugu gazteengana gerturatzea eta espazio seguruak sortzea.
  • Zure seme-alaba honelako txat talde baten parte bada, irten taldetik ahal bezain pronto, baina ez ezabatu mezuak. Mugikorrarekin zuzendu udaltzaingora eta jarri salaketa bat. Bertan dagoen edukia lagungarria izan daiteke ikerketarako. Ez zabaldu bertan dagoen edukia
  • Mugikorrak ez oparitzeko aholkua egiten dugu. Edozein kasutan, oparitzekotan, nerabeekin   erabilera egoki batetarako  neurriak adostea aholkatzen dugu , betiere gurasoen gainbegiradarekin eta  gutxienez 16 urtera  arte.
  • Garrantzitsua da mugikorraren erabilerari lotutako ohitura osasuntsuak sortzea, horregatik, adinaren araberako erabilera graduala ezarri behar zaie. Horretarako oso baliagarria izan daiteke erabilera kontratua egitea gaztetxoekin, erabilera orduak eta espazioak ondo zehaztuz.
  • Mugikorraren erabilera kontrolerako prebentzio neurri batzuk honako hauek izan daitezke:
  • ” Family link ” aplikazio modukoak ezartzea, modu horretan, aplikazio bat instalatu aurretik gurasoei baimena eskatuko zaie.
    • WhatsAppeko prebentzio neurrien artean, ezezagunek taldeetan sartzeko aukera desaktibatzea.

Gaur gaurkoz, indarra Gabonen testuinguruan jarri badute ere, “lanketaren helburua epe ertain luzerako egitea da, eta urtarriletik aurrera beharrezkoak diren neurri eta baliabideak prebentzio lanetara bideratzea nahi dugu; besteak beste, heziketa digitalean edo eta heziketa sexualean jarri beharko dugu arreta”.

“Altxa burua” ekimena  

Haur eta nerabeei mugikorrak oparitzearen inguruko kontzientziazio kanpaina abiarazi du udalak “Altxa burua” ekimenarekin elkarlanean. “Paraleloan, gertaera hau herrian agertu baino lehen, mugikorrak oparitzearen inguruko kontzientziazio kanpaina bat egitea aurreikusi genuen. Azken urteetan egin dituzten ikerketa eta esperientziek erakutsi dute oso gazte diren haurrei oparitutako mugikorrek eragin kaltegarriak izan dituztela beraien garapenean”. Modu berean, gurasoak konplize egiten ditu kanpainak, eta mugikorraren kontsumo eredua erreferente dela gazteentzat. Honela, esku-orri eta kartelak banatu dira herriko ikastetxeetan, haurrei zein gurasoei.   

Testua: Arrasateko Udala.