DBH2koak BIZI astean: Aniztasunaz hausnartzen eta esperientzia errealak ezagutzen

Arizmendi Ikastolako DBH2ko ikasleentzat BIZI saioak ikasgelako hormak gainditu eta errealitate desberdinetara hurbiltzeko leiho bilakatu dira. Almeneko eta Gazteluondoko taldeek, bakoitzak bere bideari ekinez, komunitatearekiko konpromisoa eta bizitzarako trebetasunak izan dituzte ardatz. Almeneko ikasleak aniztasunaren munduan murgildu diren bitartean, Gazteluondokoak larrialdi egoerei erantzuteko prestatu dira, ikaskuntza akademikoa esperientzia praktiko eta aberasgarriekin uztartuz.

Hona hemen BIZI saioek emandakoa:

Almen: Aniztasunera hurbiltzen

Almeneko DBH2ko bigarren BIZI honetan, aniztasunaren inguruan hausnartzen aritu gara. Astelehenean kontzeptu nagusiak ezagutu eta landu genituen, eta asteazkenean egin beharreko bisitak mimo handiz prestatu genituen:

  • ASPACE: Beraien bi lan esparruak ezagutu genituen: otarrak egitea eta etxebizitza finkoko arropa garbiketa. Lau txokotan banatuta, hasieran zentzumen guztiak martxan genituela probatu genuen, baina ondoren zentzumenak “kentzen” hasi ginen, erabiltzaileen egunerokotasunera hurbiltzeko. Galderak eta solasaldirako tartea ere izan genuen.
  • HEZKUNTZA OSAGARRIA: Arizmendiko Hezkuntza Osagarria ezagutu genuen ikasle ohien eskutik. Ikasteko beste bide batzuk ikusteaz gain, egiten dituzten proiektuak eta lan egiteko modua ezagutzeko aukera izan genuen.
  • GARAGUNE: Erabiltzaileen egunerokotasuna ezagutu eta tailerretan parte hartu genuen: katuentzako alfonbrak, Martxoak 8ko panpinak, irakurketa-puntuak eta azokan saltzeko koadernoak telaz apaintzen.

Gazteluondo: Larrialdiei aurre egiten

Gazteluondoko ikasleok, berriz, lehen sorospenen inguruko BIZI astea izan dugu. Aste honetan zehar, larrialdi egoeratan jarraitu beharreko prozedura ikasteko aukera izan dugu. Hortaz gain, Zubilagako Suhiltzaile Etxea bisitatu dugu. Benetan interesgarria eta baliagarria izan da aste honetan zehar ikasitako eta bizitako guztia!

Jarraian bisitetan ateratako irudiak:
Almen:

WhatsApp Image 2026-03-23 at 10.19.37

Gazteluondo:

9bc19e7b-4a9b-43a9-9f97-5aab71749ce7