Bilboko Hezkuntza Ebaluazioaren Nazioarteko Kongresuan izan gara, EHI eta HUHEZIko kideekin batera
Joan den martxoaren 9an eta 10ean, Bilboko Euskalduna Jauregiak Hezkuntza Ebaluazioaren Nazioarteko Kongresua hartu zuen, eta Arizmendi Ikastolako lau kide bertan izan ziren gure hezkuntza-ereduaren esperientzia partekatzen. Bi eguneko jardunaldi hauetan, gure ordezkariek nazioarteko adituen hitzaldiak eta mahai-inguruak jarraitzeko aukera izateaz gain, Ikastolan garatzen ari garen ebaluazio-praktika berritzaileak aurkeztu zituzten hainbat posterren bidez.
Arizmendiren presentzia nabarmena izan zen topaketan, lau lan aurkeztu baitziren beste hainbat erakunderekin elkarlanean. Alde batetik, Ikastolak berak lideratutako posterra aurkeztu zen, “Ebaluazio Hezigarria Proiektu Bidezko Disziplinarteko Ikaskuntzan” izenburupean, gure metodologiak ebaluazioarekin duen lotura estua azalduz. Bestetik, euskal hezkuntza-sareko beste eragile batzuekin jositako zubiak ere islatu ziren; adibidez, Euskal Herriko Ikastolekin (EHI) batera, “Ebaluazioa komunikatu, komunikazioa ebaluatu” izeneko lana eraman zuten kongresura.
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearekin (HUHEZI) lankidetzan, berriz, bi poster aurkeztu ziren: lehenengoa, Bigarren Hezkuntzako ikasleen jasangarritasunerako kontzientzia eta mentalitate kooperatiboa aztertzen duena; eta bigarrena, Arizmendi Ikastolako BATU ikaskuntza-ereduan zentratua.
Parte-hartze honek agerian uzten du Arizmendi Ikastolak ebaluazio hezigarriaren eta berrikuntzaren alde duen konpromisoa. Horrelako nazioarteko foroetan egotea ezinbestekoa da gure praktikak kontrastatzeko, beste profesionalengandik ikasteko eta, bide batez, gure ikasleen garapen integralerako bidelagun den ebaluazio-eredu propioa indartzeko.
Gure hezkuntza-eredua partekatzen eta hobetzen jarraitzen dugu!