Berako Udalekuak 2024 – 1.txanda
Uztailak 3, asteazkena
Goizean goiz jaiki eta bapo gosaldu ostean, autobus magikora abiatu gara. Hondarribira joan gara gure bi protagonisten bainujantziak berreskuratzeko asmo irmoarekin.
Hondarribira heldu eta jolas batzuk egin eta herria ezagutzeko parada izan dugu. Ibilbidean, herriaren historian garrantzitsuak izan diren hainbat puntu ezagutu ditugu: 1367an PUTZUZAIN herrian ez sartzeko sorturiko harrizko harresi zaharra, mugalari eta korsario zaharren luxuzko hotela, KIXMI eta KOXMEREN aitonak lamiarentzat eginiko zubia…
Herria ezagutzeaz bat gure mugalari txikiak gosetuta janari eske hasi dira. Beraz, hondartzara bidean mugaz bestaldetik ekarritako patata tortilla otarteko goxoak jan ditugu. ÑAM, ÑAM, ÑAMM…
Gorputzak berotu eta guztiok txipli-txapla uretara joan gara. Hondartzan ederto ibili gara uretan freskatzen eta hare artean jolasten. Horren ongi pasatu dugu, KIXMI eta KOXMEren bainujantzia ere ahaztu dugula. Ia etxera bueltatzeko orduan konturatu gara gure laguntza behar zutela eta bapatean haurretako batek malekoian identifikatu du bainujantzi marradun zoragarri bat. .
Etxera bueltatu eta gaurkoan afari berezia: mozorroen festa. Denetarik izan dugu: superman, pikachu, animaliak eta baita pailazo eta cheerleaderrak ere. Hortik gaubela gelara abiatu gara eta bertan ikuskizuna: txisteak, dantza eta antzerkiak. Horren ondiorren KIXMI eta KOXME agertu dira eta gaztetxoek bainujantzia bueltatu diete. Beraiek eskerrak eman dizkie eta azkenean etxerako bidea hartu dute. Lan bikaina egin dute gure txikitxoek, ziur biharko egunean sariren bat jasoko dutela.
Haurrak eta begiraleak OSO NEKATUTA gaude, baina aldi berean indarrez beteta goaz ohera, helburu guztiak beteta eta motxila esperientzia eta ikasketaz lepo. Bihar etxera, udalekuak amaitzear daude. Ondoloin… ZZZZzzzzZZZzzzZzzzzZzz
GORA GURE MUGALARI AUSARTAK!! GORA KIXMI ETA KOXME, AGUR KONTRABANDISTA ADORETSUAK!! ZORTE ON ZUEN BIDAIAN!!
Uztailak 2, asteartea
Musika goxoarekin esnatu ostean, indarrak hartzeko bapo gosaldu eta mendira joateko ilusioz, urez eta gogoz bete ditugu motxilak. Lehenengo ostarteekin batera, mendirantz abiatu gara guztiok batera, KIXMI eta KOXMEk zeharkatzen dituzten mugetarantz.
Eguraldia lagun ez izan arren, eta bidean indarrak berreskuratzeko hamaiketako txiki bat eginda, Hego Euskal Herria eta Ipar Euskal Herria banatzen dituen Ibardingo bentara heldu gara. Tontorretik, euskal kostaldeko paraje ikusgarriez gozatzeko aukera izan dugu, eta hala, Hondarribi, Hendaia, Donibane Lohizune, Biarritz eta Landak bistaratu ditugu.
Eguraldiak laguntzen ez zuenez, azkar batean bazkaldu eta Berara bueltatu gara, bertan eguzki izpi batzuk ikusi ditugunez, igerilekura joatea erabaki dugu, bañito, dutxita eta hortik etxera askaria jatera. Ondoren, sorpresatxo bat prestatu dizuegu, lasa, helduko zaizue, aitatxok eta amatxok ere ezin dute beti guztia jakin. 😉
Afal ordura arte jolasean aritu gara eta afal ostean gure lagun TROKO eta MOKO agertu dira. Euskal abestietan oinarritutako jolas bat proposatu die eta elkarlanean euskararen garaikurra lortu dute gaztetxoek, falta zitzaien azkena, jada guztiak lortuta gaubela gelara joan gara. Bertan bitaldeen ikuskizunak izan ditugu, antzerki, txiste eta dantzak… Gaurkoan gainera monitoreek txantxa jolasak prestatu dituzte eta izugarri ongi pasatu dugu txantxa eta broma artean. Egun luzea izan da gaurkoa eta txanda amaitzen ari da, benetan nekatuta gaude, baina bihotzak beteta. KIXMI eta KOXME gaur gauean ez dira agertu, arraroa da, euskararen garaikurrik gabe joan izana, etxera itzultzea lortuko ote zuten? Gu lotara goaz, bihar ikusiko da zer dakarkigun egunak. Ondoloin ZZZzzzzZZZz
Uztailak 1, astelehena
Gaurkoan, goizean goiz esnatu gara NIKA Nikaraguarraren paradisura (Tximistarri Land) joateko. Beraz, motxilak ilusioz bete eta abentura parkean egun zoragarri bat igarotzeko sendo gosaldu dugu. Autobus magikoa hartu eta paradisuan goizean goizetik tirolinetan txorien antzera hegan egin dugu.
Behin txori bihurtuta tximuen antzera aritu gara zuhaitzetan gora eta BERA. Adrenalina bota eta oreka landu ondoren, bazkaltzeko ordua iritsi da.
Bapo bazkaldu ondoren, jolas parkean aritu gara beste udaleku batzuetako ikasleekin batera jolasten, oso polita izan da ikasleak beste gazte batzuekin harremantzen ikustea.
Horren ostean, berriz autobus magikoa hartu eta aterpetxera itzuli gara. Bertan NIKA agertu da eta gaztetxoek erakutsitako ausardia saritzeko Naturaren garaikurra eman die. Ondoren
afaria eta gaubela gelara. Bide horretan Putzuzain gaiztoa agertu da eta PUTZUZAIN KANPORA! oihukatuz uxatu dugu.
Gaua iritsi da eta KIXMI eta KOXME estu eta larri agertu dira. Badirudi Ibardinera bidean PUTZUZAIN anker doilorrarekin topoi egin dutela eta ezin izan dutela muga zeharkatu. Horregatik, konturatu dira altxor guztiak berreskuratu arte ezin izango dutela PUTZUZAIN garaitu. Haurrek gure mugalariei NATURAREN garaikurra eman diete eta ohera joan gara guztiok…ZzZzZz
Bihar mendira joan eta muga esploratzea da plana, lortuko al dituzte gure mugalari txikiek garaikur guztiak? Lortuko al dute Putzuzain garaitzea?
GOAZEN MUGARA ABENTURA BERRIAK BIZITZERA!
PUTZUZAIN KANPORA!
GORA KIXMI ETA KOXME!
Ekainak 30, igandea
Sendo gosaldu ostean, hortzak garbitu eta bainujantzia jantzi dugu, eguzkia atera da eta! Etxeko atarian jolasean ari ginela, gainera, NIKA esploratzaile nikaraguarra etorri zaigu bisitan; KIXMI eta KOXME mugalariei laguntzera etorri da munduko beste puntatik, eta erakutsi digu nola egiten duen berak iparrorratzik gabe bideak topatzeko. Horrela, pista batzuk eman dizkigu KIXMI eta KOXMEren iparrorratza aurkitu ahal izateko.
Ondoren, igerilekura joan gara goizeko eguzki printzatxoak aprobetxatzera, plisti-plasta ibili ostean, bapo bazkaldu eta tailerrak egin ditugu. Arratsaldean, NIKAK emandako aholkuei esker naturarekin konektatu eta iparrorratza aurkitzea lortu dugu. Herriko plazara bidean zegoen. Herriko plazan askaria jaten ari ginela TXOMIÑE agertu zaigu bidera, Berako herri-kiroletako txapeldun historikoa eta berarekin mugalari apartak izateko euskal entrenamendu tradizionala burutu dugu: lomkotx bilketa eta soka-tira. Horren ongi aritu dira haurrak, ezen Txominek elkarlanearen garaikurra eman diela
Izerdi-patsetan eta gosea eginda afaltzera: amona Mari Txitxiren makarroiak. Gaubelan, bigarren taldeak, Suzko-Txipiroiek zirku ikusgarria eskaini digute eta KIXMI eta KOXMEri iparrorratza eta elkarlanaren garaikurra itzuli diegu. Benetan poztu dira! Horren ostean, NIKA agertu da berriz eta haurrei eginiko lan bikaina eskertzeko bere paradisura gonbidatu ditu: Tximistarri-land, tximistak harria kolpatu zuen mendia.
KIXMI eta KOXME mugalariek, horri esker, mugaz bestalderako bidaiari ekin ahal izan diote, AGUR KIXMI!! AGUR KOXME!!! LASTER ARTE!!! Indarrak hartzekpo unea iritsi da, bihar paradisura baikoaz. Ondoloin!! ZZzzzZZZzzz
Ekainak 29, larunbata
Goizean goiz jaiki eta gosaltzera joan gara. Bigarren eguna hastearekin batera, KIXMI eta KOXME etorri dira laguntza eske. Sakua galdu dute eta mugalari trebeak izateko ingura ezagutzea ezinbestekoa denez, herriko mapa eman diete haurrei. Horrela, laguntzeko lanei ekin diegu, eta herrian ibili gara eurek galdutako altxorren bila, eguraldi kaxkarrari aurre eginez.
Bazkaldu eta gero, eskulan tailerrak egin ditugu aterpetxean; kometak, pultserak eta marrazketa. Ondoren, kiroldegi ingurura gerturatu gara bertan jolasean aritzeko. Askariarekin indarrak berreskuratuta, mugalari apartak izateko entrenatzen aritu gara. Arratsaldea amaitzeko, aterpetxera itzuli gara eta bertan KIXMI eta KOXMEren lagun diren TROKO eta MOKOren bisita jaso dugu. Hauekin, monitoreak txorimalo bilakatzeko erronka izan dugu. Ederto ibli gara ingalaterratik etorritako lagunekin batera.
Gaubelan, KIXMI eta KOXME etorri dira ohiko den bezala. Baina… konturatu dira iparrorratza falta dutela. Gaua lainotsua denez, ezin dira Lapurdira itzuli. Beraz, iparrorratza aurkitzeko laguntza eskatu digute. Ea biharkoan aurkitzen dugun.
Leher eginda, bagoaz lotara!! zzzz
Ekainak 28, ostirala
Berara iritsi eta maletak zein logelak antolatu ostean, herriko plazara joan gara joan gara bazkaria jan eta tripa betetzera. Ondoren, kamisetak tintatzen jarri ostean aterpetxeko patioan Ogroak, Iratxoak eta Aztiak jolasa ezagutu dute, magiaz beteta hasi da udalekua. Jolas librean denetik egin dute, harrapaketan, saski baloian, baina batez ere soka-saltoan. Ondoren merienda jan eta talde kohesioko dinamikak, talde izaera sendotzeko banderak, taldeko oihua… Afaldu eta gero, KIXMI eta KOXME gure lagun mugalarien bisita jaso dugu. Mugaz bestaldetik etorri dira eta nekatuta daude zeharo, bi egun daramatzate alde batetik bestera Putzuzain maltzurrarengandik ihesi eta Ibardingo bentan egingo dute lo, halere, altxorrak bertaraino eramateko nekatuegi daude. Laguntza eskatu digute euren altxorra zaintzeko. Zer gertatuko ote da altxorrarekin?
Bihar beste egun bati ekiteko lo egin eta deskantsatzea ezinbestekoa da, beraz, guztiak ohera.
Ea zein sorpresa gordetzen digun biharko egunak!