Ostiralean, ekainak 12, Ikastolako jaia egingo dugu Arrasaten!

Ikasturte amaiera gertu dugu eta, urtero legez, modu borobilean ospatu nahi dugu! Datorren ostiralean, ekainaren 12an, Arrasateko Biteri plaza eta inguruak jai giroan murgilduko ditugu. Gure komunitate osoa (ikasle, familia, langile zein lagunak) elkartzeko egitarau oparoa prestatu dugu goiz eta arratsaldez gozatzeko. Gainera, aurtengoan berrikuntza potolo bat daukagu: Porrotxinen bisita berezia izango dugu gurekin!

Hona hemen egun handirako prestatu dugun egitaraua:

Goizean goizetik martxan (9:30etik aurrera)

Egunari hasiera indartsua emateko, LH 4 eta DBH 1-2ko gure ikasleak 9:30etan bilduko dira Biteri plazan ginkana handi batekin hasteko. Ondoren, 10:30etan, Olarte guneko haurren txanda izango da: danborrada hotsak zabalduko dituzte herrian zehar, Olartetik hasi, Seberotik igaro eta Herriko plazaraino ibilbidea eginez.

Arratsaldeko jolasak eta kalejira nagusia

Eguerdi partean ez dugu etenik izango. 14:30etik aurrera, Biteri ingurua gaztez beteko dugu Arimazubi, Gazteluondo eta Santa Teresako ikasleen jolas eta lehiaketekin.

Eta 16:30ean Santa Teresa, Olarte, Umezaintza eta Uribarriko familia, ikasle eta irakasle guztiak kalejira koloretsuan hurbilduko dira Biteri plazaraino, guztiok batera festa nagusiari bidea emateko.

Ikuskizunak eta Porrotxin (17:00etatik aurrera)

Arratsaldeko festaren irekiera 17:00etan egingo dugu txalaparta eta bertsolariekin. Ordu berean jarriko ditugu martxan tailerrak (henna, haur txokoa…), puzgarriak eta txosna.

Ondoren, oholtza gaineko ikuskizunek ez dute etenik izango:

  • 17:15ean: Argitxori ongietorria.
  • 17:30ean: Streetdance ikuskizun modernoa.
  • 17:45ean: GURAkoen emanaldia.
  • 18:00etan: Gure lagun Porrotxinen bisita berezia! Txikienak (eta ez hain txikiak) irribarrez eta algaraz betetzeko une magikoa izango da.
  • 18:30ean: Gaztelupe eta Gazteluondoko dantzarien euskal dantza saio dotorea.

Jaiaren amaiera dantzan

Egunari amaiera ezinhobea emateko, 19:00etatik aurrera DJ Goikok girotuko du Biteri plaza. Ikasturteari agur esateko modu hoberenean, dantzara deitzen zaituztegu bertaratuko zareten guztiok!

Puzgarriak, txosna eta denda

Arratsalde osoan zehar, gure txosnan ez dira taloak eta edariak faltako indarrak berritzeko. Horrez gain, Ikastolako kamiseta, jertseak eta poltsa zein Kilometroak 26eko arropa erosteko aukera bikaina izango duzue bertan.

Giroa alaitzen eta aurkezle lanetan, ohi bezala, gure Aitor Guridi (Zaldibar guneko arduraduna) arituko da oholtza gainetik.

Bertan elkartuko garelakoan, gora Arizmendi Ikastola!