Azaroaren 20:Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna

Aurten Aretxabaletan ekimen polita jarri da martxan, egun honen harira, udaletxea eta herriko ikastetxeen artean.

Azaroaren 20ari lotutako lehen ekintza, azaroaren 11tik 19ra bitartean burutzen ari gara, Aretxabaletan. Indiako Ankur umezurztegiaren aldeko neskentzako pijama eta barruko arropa bilketa egiten ari gara Almen eta Basabeazpin. Antolatzaileek gogorarazi dute barruko arropak berriak edo ia berriak eta egoera onean daudenak behar ditugula.

Arropa hau, Indiara bidaliko da, hain zuzen ere, umezurtzegi batetara. Ankur Karitateko Mojen zuzendaritzapean dagoen umezurztegia da, Indiako Bombay hirian kokatua dagoena. Bertan 2 eta 14 urte bitarteko 220 neskatila bizi dira. Zentroaren helburua da haur horien oinarrizko beharrak asetzea eta etorkizun duina eraikitzeko beharrezko hezkuntza jasotzen dutela bermatzea. Umezurztegia neska hauen etxea da, eta bertan zaintza, maitasuna eta hezkuntza jasotzen dituzte. Bertako haur gehienak kalean aurkitutako edo familiek abandonatutako haurrak dira.

Ankur Umezurtzegi Proiektu honetan laguntzen, Arrasateko Harreman elkartea dabil azken urteotan. Harreman elkarteak batez ere, ekonomikoki laguntzen dio zentroari bere jarduna mantentzeko.

Esan beharra dago, Karitateko Mojeek egunero arroza eta arrautzak banatzen dizkietela kalean bizi diren familiei. Laguntza horren truke, familiek seme-alabak eskolara eramateko konpromisoa hartzen dute, haurren hezkuntzarako eskubidea sustatuz.

Azaroaren 20an ospakizuna eta aldarrikapena

Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunean bertan ere hainbat ekitaldi antolatu dira herrian.

  • 17:00etan: Haurren eskubideen aldeko giza katea Herriko Plazatik Mitarte kaleraino, Musika eskolako trikitilariak lagunduta
  • 18:00etan: Eskulan tailerrak Mitarten. Ludoteka eta Errefortzu Programako begiraleen eskutik . Ordu berean, Kidam magoak magia-trukoak egingo ditu haur eta familien artean
  • 18:30ean: Txokolatada herrikoia, Parte-hartzaileei beren edalontzia ekartzea eskatzen zaie. Gogoratu borondatea botatzeko itsulapikoa jarriko dela.
  • 19:00tik 20:30ak arte DJ Mikeltxik jarriko dio musika jaiari.

Egun horretan, Harreman, Arrasatetik Mundura elkarteak, informazio mahai bat jarriko du jendeak proiektuaren berri izan dezan.

Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte bai material bilketan bai azaroaren 20ko ekitaldietan parte hartzera. Haurren eskubideak defendatzea guztion ardura da, eta elkartasun keinu txikiek ere eragin handia izan dezakete haur askoren etorkizunean.