San Isidroak ospatu ditugu Santa Teresan, auzoari ekarpena eginez
Auzoari gure ekarpena eginez, San Isidro jaietan murgildu da Santa Teresako komunitatea azken asteotan. Urtero bezala, Ziorlako auzoko ospakizunetan parte hartu nahi izan dugu, elkarlana, sormena eta komunitate giroa ardatz hartuta.
BATUko ikasleak buru-belarri aritu dira “Nola apainduko ditugu jaietarako gure auzoko kaleak modu jasangarri batean?” galdera gidari gisa izan duen PROIean. Hausnarketa horretatik abiatuta, behin erabili eta botatzeko materialak alde batera utzi, eta berrerabilitako materialekin sortutako apaingarriak prestatu dituzte, auzoko kaleei kolorea eta bizia emanez.
Bestalde, ERDUko haurrek Herri Eskolako lagunekin batera jarduera berezia egin zuten San Isidro plazan. Ipuin kontaketa, aurpegi margoketa eta hainbat jolas izan zituzten, giro alaia eta parte-hartzailea sortuz.
Pasa den ostiralean iritsi zen jaien unerik berezienetako bat. Goizeko 10:30ean, 6. mailako ikasleek pregoia irakurri zuten, astoaren jaitsierari hasiera emanez. Ondoren, danborradak hartu zuen protagonismoa ikastolako patioan. Aurten, gainera, gurasoen konpartsarekin batera, lehen aldiz ikasle ohien konpartsa ere batu zen ospakizunera.
Ikastolatik abiatu eta auzoko kaleak musikaz eta giro onez bete ostean, danborradaren amaierako ekitaldia San Isidro plazan egin zen. Eguna borobiltzeko, komunitate bazkaria ospatu zen kiroldegiko frontoian, eta bazkalostean irakasleek, ikasleek eta gurasoek elkarrekin parte hartu zuten aulkien jolasean, algara eta momentu eder ugari partekatuz.
