24. Korrika: Borobila izan zen!

24. Korrikak “Euskara gara” leloarekin Euskal Herria zeharkatu duen honetan, Arizmendi Ikastolako komunitateak erantzun bikaina eman dio martxoaren 28ko hitzorduari. Goizaldeko ordu txikiak izan arren, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Arrasateko kaleak gure ikasle, familia eta langileen energiaz bete ziren, lekukoa harrotasunez eramanez eta euskararen aldeko aldarria ozen zabalduz.

Hiru herrietan, gure komunitateko kideek izan zuten lekukoa eskuz esku pasatzeko ohorea: Eskoriatzan (2724. km), Huhezi parean, Joseba Urkiak (Almen bertso eskolako ikaslea), Carolina Cardosok (gurasoa), Olatz Arresek (irakaslea) eta Peru Baenak (ikaslea); Aretxabaletan (2737. km), Pausoka parean, Malen Garciaetxabek (Almen bertso eskolako sorrerako ikasleetako bat), Iker Akizuk (Juaniko Akizuren semea), Jone Lezetak (gurasoa) eta Leire Aranak (irakaslea); eta Arrasaten (2756. km), Gaztelupe parean, Iraitz Arriaranek eta Sara Iraolak (Batxilergoko Bazarako ikasleak) gazteek hartu zuten lekukoa, Arantza Berezibarrek eta Esther Merino irakasle ohien babesarekin.

Jaiak, ordea, ez zuen gure herrietan amaitu. Martxoaren 29an, Korrika Bilbora iristean, une hunkigarria bizi izan genuen: amaierako mezua irakurtzea. Aurten, mezu hori idazteko ardura Euskal Herriko zazpi gaztek izan dute, eta harro esan dezakegu egileetako bat Oihana Arana Cardenal eskoriatzarra eta gure ikasle ohia izan dela. Oihanak, gainerako gazteekin batera, gaurko euskararen eta euskal komunitatearen inguruko gogoeta sakona plazaratu zuen milaka lagunen aurrean. 

Arizmendi Ikastolatik eskerrak eman nahi dizkizuegu kilometro hauetan parte hartu zenuten guztioi. Erakutsi dugu, beste behin ere, euskaraz bizi nahi duen komunitate bizia eta konprometitua garela.

Guztion artean, euskara gara!

Jarraian martxoaren 28ko goizaldeak gure herrietan utzi zituen irudiak:

Eskoriatza:

WhatsApp Image 2026-03-28 at 15.59.29

Aretxabaleta:

WhatsApp Video 2026-03-28 at 03.30.42

Arrasate:

Korrika 24' - Arrasate